Bob Geldof eta Nick Lowe Stop War Festibalean izango dira

Jaialdiaren kartela aurkeztu dute
DSS2016EU
Actualizado: lunes, 4 enero 2016 13:51

DONOSTIA, 4 (EUROPA PRESS)

   Bob Geldof eta Nick Lowe arituko dira Donostia 2016ren baitan ospatuko den Stop War Festibalean, martxoaren 25etik 27ra bitartean, Donostiako Maria Kristina zubiko agertoki handian. Jaialdiaren kartela Garikoitz C. Murua Fierro artistak egin du, eta bi bazter lotzen dituen zubi bat ageri da bertan, jaialdiaren metafora gisa.

   Arrate Velasco DSS2016EUko Bakearen Itsasargiko arduradunak, Imanol Zubia Demaguneko koordinatzaileak eta Jokin Tellleria Kultura Alternatiboko koordinatzaileak jakinarazi dituzte jaialdian izango diren nazioarteko hiru artisten lehen bi izenak. Festibalaren egun bakoitzean bertoko artista edo talde bat ere izango da.

   Gainera, jaialdiaren harira bi eguneko topaketa bat antolatuko da, gaur egun mundua astintzen duten gatazken inguruan hausnartzeko eta herri mailan gerraren aurka zer egin daitekeen aztertzeko.

   "Zubiek, inondik inora ere, gerretan balio sinboliko handia dute: lehenbizi eraisten diren azpiegiturak dira, baina baita topaleku eta elkargune ere. Ideia hori oinarri hartuta, Stop War Festibalak musikaren bidez batu nahi ditu Urumearen bi bazterrak, elkartasunerako eta bizikidetzarako zubi bat eraikiz", aurkezpenean azaldu dutenez.

   Musika jaialdiko hainbat jardueraren parte izango da, eta, gaua heldu bezain laster, "protagonista bakar bihurtuko da". Maria Kristina zubia agertoki dutela, tokiko hiru artistak eta nazioarteko beste horrenbestek kontzertua emango dute.

   Horrela, Bob Geldof 1976an hasi zen musikaren munduan, Boomtown Rats taldearekin (punk mugimenduaren aitzindarietako bat izan zen). Garai hartan, zenbait abesti arrakastatsu egin zituzten, besteak beste, "Rattrap" eta "I don't like mondays".

   1984an, telebistan Etiopiako gosetea zela-eta ikusi zituen irudiek hunkiturik, iragan mendeko ongintzazko kontzerturik garrantzitsuenetako bat antolatu zuen: LiveAid. Bob Dylan, U2, Sting, Elton John eta Phil Collins izan ziren bertan, besteak, pobreziari aurre egiteko eta G8 taldeari Afrikako herrialdeen zorra txikitu zezala eskatzeko.

   Geldofek jo aurretik, Gose taldeak berotuko du Maria Kristina zubiko giroa. Arrasateko hirukoteak 2004an ekin zion musika ibilbideari. Taldeak beste era batera interpretatzen du trikitixa, eta musika tresna horretan ohikoak ez diren elementuekin nahasten du, bestelako emaitza bat lortzeko. Hala, tradizioa eta musika elektronikoa uztartuz, erritmo lasaiak, dotoreak, sendoak eta malguak sortzen ditu.

NICK LOWE

   Bestalde, Nick Lowe Erresuma Batuko musikari ospetsua bere mugetatik askoz urrunago joan da, eta mundu osoan egin da ezagun. Abeslari gisa atera dituen diskoak alde batera utzita, Stiff Records diskoetxerako ekoizle zela, eragin nabarmena izan zuen 1970eko hamarkadako amaierako new wave eta punk estiloetan.

   "Labour of lust" du diskorik ezagunena; bertan dago "Cruel to be kind", haren kantarik arrakastatsuena. Lowe, bakarlari eta ekoizle jarduteaz gain, elkarlanean aritu da zenbait talderekin (The Pretendersekin, adibidez) eta Carlene Carter AEBko abeslariarekin, besteak beste.

   Musikari britainiarraren aurretik, Anari abeslari eta konpositore azkoitiarra arituko da oholtza gainean. 15 urtetik gorako musika ibilbidearekin, gure inguruan nortasun handiena duen emakumezko kantaria bilakatu da Anari. Besteak beste, Nick Caveren eta Bob Dylanen eragina izan du, eta hasieratik "zirraraz beteriko rock gordin eta poetikoa" jorratu du.