Bob Marley Day ospatuko da otsailean Bilbon eta Iruñean

Actualizado: martes, 4 enero 2011 19:18

BILBO, 4 Ene. (EUROPA PRESS) -

Bob Marley reggae musikaren mitoaren jaiotzaren urteurrena otsailaren 6an ospatzen dela eta, mundu osoan zehar festak antolatzen dira "Bob Marley Day" izenburupean, eta oraingoan Bilbon eta Iruñean ere ospatuko dute.

Mundu osoko hainbat hiritan egiten den proiektu oso baten baitan Marley omentzeko egiten diren ospakizunak antolatzen dira. Hiri nabarmenenak Los Angeles, Buenos Aires, Paris, Londres, Kingston edota New Yorken izaten dira. Gainera, 2011. urtean 30 betetzen dira Bob Marley hil zenetik, musikak eta zaleek reggaea mundu osoan ospetsu egin zuen artista ahazten ez duten arren.

Bilbon otsailaren 4an izango da ospakizuna, Kafe Antzokian, Jahsta Reggae Band eta La Tribu Selektahs taldeen kontzertuarekin. Halaber, Novato & Mad Muasel & Manny Lion & Chete ere ariko dira, dancehall musika eskainiz.

Iruñeari hurrengo egunean egokituko zaio Bob Marley gogoratzea, otsailaren 5ean, Movie aretoan (lehen Artsaia zen), Jahsta Reggae Band, La Tribu Selektahs eta Jarel Babel-en emanaldiekin.

Robert Nesta Marley (Nine Miles, Saint Ann, Jamaika, 1945eko otsailak 6 - Miami, AEB, 1981eko maiatzak 11), Bob Marley bezala ezaguna, musikari eta konpositore jamaikar ospetsuena izan zen eta oraindik ere da. The Wailin' Wailers (1964-1974) eta Bob Marley & The Wailers (1974-1981) ska, rocksteady eta reggae taldeen abeslari, konpositore eta gitarrista izan zen.

Oraindik ere reggae musikaren interpretetzaile ezagun eta errespetagarriena da, Jamaikako musika zein mugimendu Rastafaria mundu mailan zabaltzeagatik.

Bere arrakasta nagusien artean daude "I Shot the Sheriff", "No Woman No Cry", "Exodus", "Could You Be Loved", "Stir It Up", "Jamming", "Redemption Song", "One Love", "Three Little Birds", "Buffalo Soldier" edota "Iron Lion Zion".