Bono Denda kanpainako 10.000 bonu berri salgai jarri dira

Actualizado: viernes, 19 diciembre 2014 16:23

BILBO, 19 Dic. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Cecobik BilbaoDenda, Bizkaidenda, Ezkerraldenda eta Getxo Enpresa elkarteekin lankidetzan sustaturiko Bono Denda kanpainako 10.000 bonu gehiago salgai jarri dira ostiral honetan. Hala ere, bonuen epemuga urtarrilaren 31n mantendu da. Neurri horrekin kontsumitzaileen eskaera handiari erantzun nahi zaio eta, era berean, Gabonetan eta urtarrilaren 7an hasiko diren beherapenetan kontsumoa bultzatu, kanpainaren arduradunek azaldu dutenez.

Aurtengo edizioa emaitzarik onenak ematen ari da bonuen erosketari dagokionez, eta aurreko edizioetan baino azkarrago saltzen ari dira. Horrela, salgai jarri ziren 20.000 bonuetatik, 18.727 erosi dira ostiral eguerdiko 12:00ak arte, kanpaina honen Gabonetako aurreko edizioaren lehenengo hamar egunetan baino 9.700 gehiago.

Kanpainaren aurreko hiru edizioetan bonuak epemuga baino lehen agortu ziren eta gehiago atera behar izan ziren: 15.000tik 20.000ra lehenengo edizioan, 20.000tik 25.000ra bigarrenean eta 15.000tik 20.000ra Bono Denda Udaberria kanpainaren kasuan. Edonola ere, Gabon hauetako edizioa bono gehien salmentan jarriko dituena izango da: 30.000.

Bonu hauek BBKren orotarako kutxazainetan eros daitezke, edozein kreditu edo kargu txartelekin. Bonuak erosteko muga ezarri da eta txartel bakoitzeko bi bonu bakarrik erosi ahalko dira. Aurten Internet bidez erosi daitezke, lehenengo aldiz; horrela, orotarako kutxazainik ez duten udalerrietan bizi diren pertsonek bonuak errazago lortu ahalko dituzte, kanpainaren onurez gozatzeko. Edozein kasutan ere, kutxazain horietako batera joan beharko da bonua batzera.

Bono Denda bakoitza erosketa bakar batean erabili ahalko da, eta beraz, ezingo da tiket edo faktura bakar batean bonu bat baino gehiago sartu. Kontsumitzaileak, ordea, daukan bonu adina erosketa egin ditzake.

Kanpainaren helburua hiriko edo hurbileko dendetan kontsumoa sustatzea da, eta horregatik dago hamar langile baino gehiago ez dituzten (autonomoak zein inoren konturako langileak) eta txikizkako merkataritzan aritzen diren dendei zuzenduta, saltzen duten produktua saltzen dutela ere.

Aurreko edizioetan bezala, kanpainara batu diren dendek marka bat jarri dute ondo ikusten den tokian, erakusleihoetan esaterako, kontsumitzaileek erraz identifikatu ahal izateko.

Gabon hauetako Bono Denda edizioa denda gehien batu zaizkiona izan da. Osteguna arte, Bizkai osoko 2.041 denda ziren kanpainan parte hartzen dutenak, hots, Bono Denda Udaberri kanpainan parte hartu zutenak baino %9,1 gehiago. Orain arte azken edizio hori zen parte hartze handiena lortu duena.