Bonodekor kanpainaren lehenengo sei egunetan 740 bonu saldu dira

Actualizado: jueves, 30 abril 2015 17:30

BILBO, 30 (EUROPA PRESS)

   CECOBI Bizkaiko Merkataritzako Enpresarien Konfederazioak jasotako datuen arabera, Bonodekor kanpainaren laugarren edizioaren lehenengo sei egunetan erabiltzaileek 740 bonu eskuratu dituzte. CECOBIk, AMUBI Bizkaiko Altzarien Merkataritza Elkarteak eta Bizkaiko Foru Aldundiak sustatu dute kanpaina.

   Bonodekor egitasmoak etxerako eta atsedenerako tresneriaren alorrean aritzen den sektorea sustatzea du helburu, eta horretarako, 5.000 bonu  jarri ditu salgai; bonuak bost euro balio du eta, horri esker, erabiltzaileak %20ko deskontua izango du kanpainari atxikitako dendetan egiten dituen 300 eurotik gorako erosketetan. Deskontuaren zenbatekoa ez da inoiz izango 600 eurotik gorakoa bonu eta erosketa tiket bakoitzeko.

   Bonuak Kutxabanken orotarako kutxazainetan erosi ahal dira, edozein kreditu edo zordunketa txartelekin, eta maiatzaren 30era bitartean erabili ahalko dira, kanpainan parte hartzen duten dendetan. Denda horiek kanpainan parte hartzen dutela dioen kartel bat dute erakusleihoan. Kanpainari atxikitako denden eta haien helbideen zerrenda zein kanpainaren zehaztasunak eta baldintzak web orri honetan kontsulta daitezke: www.cecobi.es

   Aurreko hiru edizioetan, Bonodekorrek 9.500.000 milioi euro sortu zituen salmentetan, eta horregatik, etxeko eta atsedenerako tresneriaren azpisektorea helburu duen kanpaina berriro egitea erabaki da.