Booktuberboom EAEko I. Booktuber Lehiaketa sustatzeko bigarren topaketa ostiralean Tolosan

Tolosan izango da bigarren topaketa
BOOKTUBERBOOM

DONOSTIA, 11 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzuak eta Galtzagorri Elkarteak Booktuberboom I. Booktuber Lehiaketa jarri dute martxan, EAEko 14 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzenduta, eta parte hartzaileek euskarazko liburu bat irakurri eta horri buruzko booktube bat sortu beharko dute. Lehiaketa sustatzeko bigarren topaketa ostiralean izango da, maiatzaren 12an, Tolosako Udal Liburutegian (Gipuzkoa).

Egitasmoaren helburua Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) booktuber plataforma sortzea da, hau da, euskal booktuber komunitateren lehen hazia landatzea, eta horretarako, EAEko 14 eta 18 urte bitarteko gazteen parte hartzea bilatzen dute. Modu honetan, Booktuberboom lehiaketa eta lehiaketa sustatzeko booktuber bilkurak antolatu dituzte.

Ekimenaren arduradunek azaldu dutenez, lehenengo bilkura joan den ostiralean egin zen, Arrasateko Udal Liburutegian. Bigarrena ostiral honetan izango da, 19:00etatik 21:00etara, Tolosako Udal Liburutegian. Hirugarren topaketa, aldiz, maiatzaren 26an egingo da, 18:30etik 20:30era, Deustuko Udal Liburutegian, Bilbon. Irailean topaketa gehiago antolatuko dira.

"Book" (liburua) eta "tube" (Youtube) lotzen dituen bideoa da booktube, hau da, Youtube plataforman zintzilikatzen den liburu bati buruzko kritika edo iruzkina, liburu baten irakurketa gomendatzeko norberak bere buruari egindako bideo grabazioa.

Maiatzeko topaketak lagun arteko giroan egingo dira, eta Mattin Zeberio tolosar youtuber gaztearen gomendioak jasoko dituzte parte hartzaileek. "Booktuber fenomenoa zer den ezagutuko dute, booktube bat zer den eta nola egiten den ikasiko dute, eta ikasitakoak praktikan jartzeko aukera ere izango dute", azaldu dute.

Booktuberboom lehiaketan parte hartzeko epea urriaren 24an amaituko da, eta parte hartzeko oinarriak https://booktuberboom.wordpress.com/lehiaketa/oinarriak/ blogean edo udal liburutegietan daude eskuragarri.