Borja Belandia, Lanbideren zuzendari berria

Borja Belandia, Gasteizko alkateordea zenean
GASTEIZKO UDALA
Actualizado: martes, 17 enero 2017 13:45

   GASTEIZ, 17 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzak Borja Belandia Gasteizko alkateorde ohia izendatu du Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari. Izendapena Lanbide eguneratzeko testuinguruan egin da, legealdian zehar egitura berria finkatu nahi baita, Josu Erkoreka Jaurlaritzaren bozeramaileak adierazi duenez.

   Belandiak orain arte Lanbideren zuzendari izan den Adolfo Alustizaren laguntza etengabea izango du. Alustiza "laneratzearen arloko aditurik onenetakoa da", eta Enplegu eta Gizarte Politika Sailean lanean jarraituko du.

   Erkorekak nabarmendu duenez, une honetan, Lanbide "Estatuko enplegu zerbitzu publikorik onenetako bat da, Ministerioaren eta Europako Batzordeak egindako auditorien arabera". "Lanbideren jardueran hainbat faktorek izan dute eragina, besteak beste, lanpostu asko suntsitu dituen eta egiturazko langabezia poltsa handiak sortu dituen krisialdi ekonomiko luzeak, politika aktiboetan eraginkortasun eskasa duen Estatuko sistemak eta Lanbideren antolaketak berak, kontuan hartuta duela sei urte baino ez zela sortu eta bere egitura egoera sozialera moldatu behar duela legealdi honetan", azaldu du.

   Jaurlaritzak, Enplegu Sailaren bitartez, "Europako zerbitzu publikoen buruan egon nahi du euskal enplegu zerbitzu on bat antolatuz". Horrela, Erkorekak esan du Lanbidek "proiekzio handia" lortu duela baina "arrazoizko hobekuntzak eta eguneratzeak" egin behar dituela "euskal zerbitzu moderno eta eraginkorragoa lortzeko datozen lau urteotan". "Zerbitzu berria da, eta bata bestearen atzetik ekimenak behar ditu bere proiektuan eta egonkortasunean behar bezala gara dadin", gaineratu du.

ESKU HARTZE EREDUA

   Ildo honetan, legealdi berrian, alde batetik, Lanbidek "bere esku hartze eredua garatu behar du beharren eta ibilbideen diagnostiko egokia indibidualizatzean oinarrituta, pertsonen kasuan euren enplegagarritasuna areagotzeko eta enpresen kasuan beren lehiakortasuna hobetzeko", eta, bestetik, "arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza antolatu eta sustatu behar du enpleguaren euskal sistemaren ardatza bihurtzeko".

   Enplegu eta Gizarte Politika Sailak hasitako lanaren xedea da arreta eredu berri bat ezartzen joatea pixkana kolektibo ahulenei zerbitzu hobea eskaintzeko arreta integralaren, enplegu politikak ebaluatzeko sistema eraginkor baten eta esku hartzeko eredu moderno eta eraginkorraren bitartez, laneratzeko banakako ibilbideak diseinatu eta ezartzea eta euskal enpresa egituraren premiak asetzeko eta haren lehiakortasuna hobetzeko ikuspuntua baliatzea oinarri hartuta.

   Jaurlaritzaren ustez, "garrantzitsua da Lanbideko langile taldearen laguntza izatea enplegu sistema berriz definitzeko hasi berria den prozesuan".