Bost ikasturtetan hirukoiztu egin da Mintzapraktika egitasmoetako parte-hartzaileen kopurua

Actualizado: jueves, 3 febrero 2011 19:43

BILBO, 3 Feb. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzak, Topaguneak, AEK-k eta Aztikerrek Mintzapraktika egitasmoaren eraginkortasuna neurtzeko egindako ikerketaren emaitzak aurkeztu dituzte Euskaltzaindiaren egoitza nagusian, Bilbon. Oro har, egitasmoaren balorazio "positiboa" egin dute eta mintzalagun kopuruak izan duen gorakada nabarmendu dute, bost ikasturtetan hirukoiztu egin baita parte-hartzaileen kopurua.

Iñaki Uribe HABEko zuzendari nagusiak, ikerketaren emaitzak argitu aurretik, Mintzapraktikaren xedea gogorarazi. "Mintzapraktika euskararen erabilera sustatzeko programa da, euskaraz hitz egiteko ohitura daukaten pertsonak, euskaraz hitz egiten hasi nahi duten pertsonekin elkartzen dituena. Gaur egun 50 mintzapraktika egitasmo baino gehiago daude martxan; 550 mintzaltalde inguruetan biltzen diren 2.800 lagunekin", azaldu du.

Oraingoan, Mintzapraktika egitasmoaren eraginkortasuna neurtu nahi izan dutela adierazi du, eta 2004-05 eta 2008-09 ikasturteetako datuak aztertu dituzte, horretarako propio osaturiko jarraipen lan-taldearekin.

HABEko zuzendari nagusiak azterketa egiteko jarraitu duten metodologia azaldu du. "Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren, Topagunearen, AEK-ren era Aztikerren artean elkarlanean egindako azterketa izan da. Gure asmoa izan da egitasmoa bere osotasunean aztertzea eta horretarako ildo eta teknika ezberdinak baliatu ditugu, azaldu du.

Ikerketak utzi dituen emaitzekin "pozik" agertu da Uribe eta, oro har, egitasmoaren balorazio positiboa egin du. Mintzalagun kopuruak izan duen gorakada azpimarratu du. "Mintzapraktika egitasmoetan parte-hartzaile kopurua izugarri hazi da. 2004-05 ikasturtean 1.041 lagun izatetik, 2008-09an 2.840 izatera pasa gara. Honek esan nahi du azken ikasturteko datuak ia hirukoiztu egiten duela (2,73) bost urte lehenagokoa", nabarmendu du.

PROFILA

Parte-hartzaileen profilari dagokionez, adin ertaineko -batez bestekoa 42 urtekoa da- emakumeak gailentzen direla eman du aditzera eta gehienak ikasketa maila altukoak direla ohartarazi du -erdiek baino gehiagok unibertsitate mailako titulazioa daukate-.

Mintzapraktika egitasmoan parte hartzeko motibazioak, berriz, askotarikoak omen dira: euskara praktikatu nahi izatea, euskara maila hobetu nahi izatea, euskara ikasten ari direnei lagundu nahi izatea, euskara plazara ateratzeko ekarpen txikia egin nahi izatea, eta abar.

Mintzapraktika egitasmoan ari diren lagunek programaren balorazio "positiboa edo oso positiboa" egiten dutela azaldu dute, eta horrek arduradunen asebetetze maila betetzen du. "Egitasmoa bideratzeko egiten duten ahalegina modu positiboan baliosten duela erakusten du eta horrek izugarri poztu gaitu. Batezbestekoa 8,5a gainditzen du, bide onean goazela berretsiz", amaitu du Iñaki Uribek.

Mintzapraktika programen mugimendua Donostian jaio zen 1993an, Gipuzkoako hiriburuko Bagera euskara elkartearen eskutik. Gerora, Lasarte-Oriara, Arrasatera eta Getxora zabaldu zen eta 1998 urtean programaren inguruko lehendabiziko mintegia egin zen Eibarren.

Orduz geroztik egitasmoa sendotuz joan da; nabarmentzekoak dira: 2005. urtean argitaratutako "Euskaldun berrien erabilera programak" eskuliburua; "Mintzapraktika egitasmoak; erabilera eragiteko tresna eraginkorrak" jardunaldia, 2006an Eusko Jaurlaritzarekin sinatutako hitzarmena edota 2007an AEK-ren eta Topagunearen artean sinatutako akordioa. Gaur egun, Eusko Jaurlaritza, Topagunea eta AEK dira Mintzapraktika egitasmoa bideratzen dutenak.