Bost pertsona atxilotu dituzte Santurtzin (Bizkaia) adingabeen prostituzio eta galbideratze delitu bat leporatuta

Actualizado: viernes, 4 marzo 2011 14:52

BILBO, 4 Mar. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek bost lagun atxilotu zituzten atzo Santurtzin (Bizkaia) adingabeen galbideratze eta prostituzio delitu baten egileak direlakoan. Atxilotuetako hiru adineko gizonezkoak dira, eta dirudienez, neska biri (ume bat eta nerabe bat) zirriak egiten zizkieten diru kopuru txikien truke. Beste bi atxilotuak aipatutako adingabekoen gurasoak dira, eta halako ekintzak sustatu izana leporatzen diete, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.

Ertzaintzak otsailaren erdialdean hasi zuen kasu honen ikerketa, adineko gizonezko batzuek adingabeko batzuekin zituzten harreman sexualen berri jaso ostean. Ikerketaren arabera, ume batek eta nerabe batek (biak neskak) beren burua eskaini omen zieten 60 urtetik gorako gizonezko batzuei; diru kopuru txikien truke gizonezkoek ukituak eta laztanak egin ahalko zizkieten. Dirudienez, adingabeko bien gurasoak guztia zekiten.

Santurtziko parke batean jartzen ziren harremanetan eta ukituak ostalaritza zentroetan egiten zituzten, adingabe eta adinduek zerbait hartzen zuten bitartean. Abian jarritako zainketa operazio bati esker egiaztatu zuten atzo agenteek ustezko delitua, eta egileak ekintza jazo zen tokian bertan atxilotu ahal izan zituzten.

Atxilotuak adingabekoen gurasoak (38 eta 33 urte), eta 63, 70 eta 78 urteko hiru gizonezko dira. Gaur jarriko dituzte guztiak epailearen esku. Era berean, umea eta nerabea adingabeen abegi-zentro batera eraman zituzten.