Botere Judizialaren eta Unibertsitatearen arteko III. Topaketa egingo da datorren astean Bilbon

Bizkaia Aretoa
EUROPA PRESS
Actualizado: domingo, 24 septiembre 2017 13:31

BILBO, 24 Sep. (EUROPA PRESS) -

Botere Judizialaren eta Unibertsitatearen arteko III. Topaketa izango da astelehenean eta asteartean, irailaren 25ean eta 26an, Bilbon, "Justizia globalizazio garaian" izenburupean. Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Zuzenbide Fakultatea, Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia eta Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Sailak antolatu dute ekitaldia.

EHUko Zuzenbide Fakultateko Bizkaiko Atalak 20 urte beteko ditu 2017/2018 ikasturtean zehar, eta hainbat ekitaldi antolatutako dira urteurrena ospatzeko. Lehen ekitaldia datorren asteko topaketa izango da, EHUk prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.

Parte hartzaileek lau gai landuko dituzte bilkuran: euskal zuzenbide zibila globalizazio garaian, kontsumitzaileen babesa eta Europar esparruko berrikuntzak, zigor arloko prozesua eta ondorio juridikoak Europako araudiaren arabera, eta pentsamendu, kontzientzia eta erlijio askatasunaren babesa.

Ekimena astelehenean inauguratuko da, irailaren 25ean, arratsaldeko 15:30ean, Bizkaia Aretoko Baroja Aretoan, eta Patxi Juaristi EHUko Bizkaiko campuseko errektoreordeak, Juan Luis Ibarra EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak, Maria Jesus Cuartero EAEko fiskal buruordeak, Maria Jesus San Jose Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia sailburuak eta Juana Goizueta EHUko Zuzenbide Fakultateko dekanoak parte hartuko dute.

Topaketan parte hartzeko izena ematea beharrezkoa da, eta izena eman ondoren, sarrera librea izango da eta ECTS hautazko kreditu bat lor daiteke bertaratzeagatik.