Brand New Sinclairs taldeak kontzertua emango du ostegunean EHUko Donostiako campusean

Actualizado: martes, 15 febrero 2011 14:52

DONOSTIA, 15 Feb. (EUROPA PRESS) -

Brand New Sinclairs talde bizkaitarrak "Healing Souls" bere bigarren diskoa aurkeztuko du zuzenean ostegunean Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Donostiako campuseko Ignacio Maria Barriola eraikinean, arratsaldeko 18:30etan hasita. Garage, R&B, soul, groovie, ye-ye eta pop doinuak nagusitiko emanaldian, EHUko iturriek jakinarazi dutenez.

Hiru urtean The Sinclairs izenarekin ibili ondoren, Barakaldoko (Bizkaia) taldeak beste pauso bat ematea erabaki zuen, Brand New Sinclairs izena hartuz. 2007ko abenduan igo ziren aurrenekoz eszenatokira eta ikus-entzuleak zoratzea lortu zuten, arima beltzez eta ye-ye lotsagabekeriaz zipriztindutako aleekin.

2009an aurkeztu zuten euren lehenengo diskoa: "Ten Blue Pills". Soul, groovie, beat, garage, funk eta rhythm & blues eraginak dituzten hamar kantu dira, taldearen zuzeneko soinuaren isla garbiak. Orain, 2011. urtean, formula berari heldu diote berriro eta bigarren lana kaleratu dute, "Healing Souls", lehenengo diskoko soinu-formula berarekin.

Ana Sinclair (ahotsa eta perkusioa), Andi Sinclair (gitarra eta ahotsa), Julio Sinclair (baxua eta ahotsa) eta Rafa Sinclair (bateria) dira Brand New Sinclairs. Kontzerturako sarrera doakoa izango da.