Brasilgo garraio-sisteman lankidetzan aritzeko akordioa sinatuko dute bertako Gobernuak eta Jaurlaritzak

Actualizado: martes, 17 enero 2012 12:54
cia" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

GASTEIZ, 17 (EUROPA PRESS)

   Brasilgo Hirietako ministro Mario Negromontek eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburu Iñaki Arriolak, Brasilen tren arinen gisako garraio-sistemak jartzeko lankidetza teknikorako akordio bat sinatuko dute Gasteizen ostiral honetan, urtarrilaren 20an, Brasilgo Errepublika Federalaren eta Eusko Jaurlaritzaren izenean. Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Luiz Carlos Bueno de Lima Brasilgo Hirietako Ministerioko Hiri Mugikortasuneko eta Garraioko Nazio idazkaria ere ekitaldian izango dira.

   Gainera, datozen egunotan,Negromontek berak eta Joâo Henrique de Barradas Carneiro Salvador de Bahiako prefektuak Euskal Herrira egingo duten bisitan, trenbide eta tranbia zerbitzuak ezagutzeko aukera izango dute (Bilboko metroa, EuskoTren eta EuskoTran), bai eta Gipuzkoan ETSk egindako azpiegitura-obrak ere. Bide batez, Danobat (Bergara) eta CAF (Beasain) lantegiak bisitatuko dituzte, eta Bilbon garraio, ingeniaritza eta trenbideen arloko hainbat euskal enpresetako zuzendariekin antolatuko den topaketa batean parte hartuko dute.

   Bisitan, Gasteizek 2012ko Green Capital izatea nola lortu duen azalduko zaio Brasilgo ordezkaritzari. Javier Maroto Gasteizko alkateak hartuko ditu ordezkaritzako kideak, eta hiriko tranbiaren instalazioak erakutsiko dizkie, mugikortasun iraunkorreko eredua garraio-sistema horretan oinarritu baitute.

BRASILGO PROIEKTUAK

   Brasilgo Gobernu Federalak, estatu gobernu askok eta zenbait udalek, datozen urteetan hiri eta metropolietan trenbide eta tranbia zerbitzuak jartzeko asmoa daukate. Proiektu horietariko asko burutzeko arrazoi nagusia, urte gutxi batzuk barru egingo diren bi kirol-ekitaldi garrantzitsuak dira: Futboleko Munduko Txapelketa eta Joko Olinpikoak.

   Bestetik, Brasilgo erakundeak lanean dihardute hirietako mugikortasun-beharrei erantzuteko, eta martxan dituzten zenbait garraio-sistema birmoldatu eta modernizatzeko.

   Horrela, bada, Brasilgo gobernuak Hiri Handietako Mugikortasun Programa garatu du PAC Hazkundea Bizkortzeko Programaren barruan, eta programa horrekin hirietako mugikortasunean inbertsio handiak egingo dituztenez, batez ere trenbide eta tranbia-garraioan, beharrezko jotzen dute Espainiaren eta Euskadiren lankidetza, proiektuak garatzeko, Espainian eta Euskadin azken 20 urteetan garatutako teknologiarengatik eta lortutako esperientziarengatik.

   Euskadiren eta Brasilen arteko lankidetza teknikorako akordio hau Lehendakariak 2010eko martxoan Brasilera egindako bidaiari esker lortu da eta akordioaren xedea izango da Eusko Jaurlaritzaren sozietate publiko den EuskoTrenek parte hartzea, (sektoreari aplikatutako abangoardiako teknologian, eta trenbideen kudeaketan, ustiapenean eta trebakuntzan duen eskarmentu handiagatik), Brasilgo hiri eta hiriz kanpoko trenbide- eta tranbia-garraioaren hobekuntzan, batez ere, VLT edo tren arin berriak eraikitzeko, eta zaharrak berreskuratu, birgaitu nahiz modernizatzeko proiektuetan.