BILBO 9 Feb. (EUROPA PRESS) -
"Bularretik Mintzora" egitasmoa egiten den Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 12 herrietatik seitan, 2011n lehen aldiz azken hiru ikasturteetan egindako ekimenen eragina ebaluatu eta jaso du txosten batean Galtzagorri elkarteak. Txostenak 2009ko irailean lehen aldiz herri horietako gurasoei egindako galderen emaitzak eta 2011ko maiatzean guraso horiei beraiei egindako galderenak erkatzen ditu, eta emaitzak "oso baikorrak" dira, irakurtzeko zaletasuna neurtzeko balio duten hainbat adierazlek hobekuntza nabarmenak izan dituztela frogatzen baitu.
Horrela, besteak beste, Galtzagorri elkarteko iturriek jakinarazi dutenez, herri horietan liburutegietara joateko ohitura eta maiztasuna areagotu da, baita ipuinak edota haur kantak haurrei kontatu edo kantatzeko ohiturak ere.
Galtzagorrik 2008an jarri zuen abian "Bularretik Mintzora" egitasmoa EAEko bost herritan, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren babesarekin. 2012an, guztira, 12 herri dira egitasmoan parte hartzen dutenak; beraz, gaur egun, 300 irakasle, 40 ikastetxe eta 5.000 haurrengana iristen da egitasmoa.
Herri guztietan 0 eta 6 urte bitarteko haurren irakurtzeko zaletasuna sustatu nahi du "Bularretik Mintzora" kanpainak horretarako beren inguruko helduak -gurasoak, irakasleak, hezitzaileak- trebatuz.
Bada 12 herri horietatik seitan, 2011ko abenduan lehen aldiz "Bularretik Mintzora" ekimenaren baitan azken hiru ikasturteetan egindako ekimenen eragina ebaluatu da. Alegia, Galtzagorri elkarteak urtez urte herri horietako gurasoei galderak egin eta horien emaitzak gordetzen joan da.
Orain kaleratu den txostenak 2009ko irailean lehen aldiz herri horietako gurasoei egindako galderen emaitzak eta 2011ko maiatzean guraso horiei beraiei egindako galderenak erkatu ditu, eta emaitzak "oso baikorrak" dira, irakurtzeko zaletasuna neurtzeko balio duten hainbat adierazlek hobekuntza nabarmenak izan dituztela frogatzen baitu.
2009an lehen aldiz herri horietako 3 urteko gurasoen artean galderak banatu eta jaso zirenean, herri horietan zein ziren irakurketarekiko zeuden ohiturak eta jarrerak aztertu nahi zen, abiapuntua finkatuz. Hiru ikasturte igaro ostean, alegia, haur horiek 6 urte egin dituztenean, berriz ere galderak erantzuteko eskatu zaie guraso haiei.
Ikasturte horietan zehar Galtzagorri elkarteko hainbat profesionalek herri horietako ikastetxeetan prestakuntza eskaini dute literaturaren erabilera hizkuntza-curriculumean txertatzeko helburuarekin, gurasoentzako prestakuntza ikastaro, tailer eta hitzaldiak burutu dituzte, irakurketa klubak eskaini dituzte haur txiki eta gurasoekin eta "Bularretik Mintzora" eta "Sasi Guztien Gainetik" CD-liburuak, aholku foiletoak, bibliografiak eta liburu maletak banatu dira.
ALDAGAIAK
"Bularretik Mintzora" gauzatzen duen Galtzagorriko lan-taldeak orain baloratu berri du hasieran herri haietan jasotako abiapuntuaren eta egungo (ekintza horien guztien ostean) egoeraren aldea. Egindako txostenean agerian geratzen da irakurtzeko zaletasunarekin zerikusia duten hainbat aldagai "nabarmen" hobetu direla.
"Beraz, esan daiteke herri horietan Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailari esker egindako ekintzek txiki-txikitandik haurren irakurtzeko zaletasuna hobetzen dutela", nabarmendu dute Galtzagorri elkarteko arduradunek.
Aldagai horien artean, liburutegietara joatearen ohitura asko areagotu da herri hauetan (ia %50 haur gehiago joaten da orain), eta oso maiz (astean behin baino gehiago) liburutegietara joaten diren familien portzentajea ere hobetu da (%7 gehiago). Gainera, herri horietako liburutegietan %41 ipuin gehiago mailegatzen dira orain.
Halaber, guraso gehiago dira orain (%34 gehiago) herri horietan haur kantak haurrari kantatzen dizkiotenak, eta gurasoak ohitzen ari dira haurrei edozein momentutan ipuina kontatzera, eta ez lo egin aurretik bakarrik (%10 gehiago dira edozein unetan ipuina kontatzen dietenak). Azkenik, haur literaturarekiko ezagutza maila asko hobetu da.