Bulego Judizial Berria EAEko adingabeen barruti judizial guztietara hedatzeko prozesua bukatu da

Actualizado: jueves, 5 enero 2012 14:02

BILBO, 5 Ene. (EUROPA PRESS) -

Durangon (Bizkaia) martxan jarrita, Bulego Judizial Berria Euskadiko adingabeen barruti judizial txiki guztietara hedatzeko prozesua bukatu da. Justizia Administrazioak kalitatezko kudeaketa izateko eta gizarteari "zerbitzu publiko azkar, eraginkor eta atsegina" emateko helburua duen eraberritze hau duela gutxi jarri zen martxan Tolosa (azaroaren 21ean) eta Bergara (azaroaren 7an) herri gipuzkoarretan eta Gernika bizkaitarrean (urriaren 13an).

Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazio Sailak aurreikusitako epeak betetzen badira, 2012an Gasteizen, Barakaldon (Bizkaia) eta Donostian ezarriko da, eta prozesu osoa urtebete beranduago amaituko da, antolamenduaren eraberritzea Bilbon ere ezartzen denean.

"Justizia zerbitzua funtsezkoa da herritarrentzat, eta zerbitzu horrek bi errei ditu Euskadin: Bulego Judizial Berria, hau da, antolamendu-eredu berria, eta informazioaren teknologia berrien ezarpena. Horiek osatzen dute XXI. mendeko Justiziaren abiadura handiko trena, eta Euskadik garaiz hartu du tren hori, herri baten oinarrizko zerbitzu publikoekin ez baitago jolas egiterik", adierazi du Idoia Mendia Justizia eta Herri Administrazioko sailburuak.

Zerbitzu hau hain garrantzitsua denez, egoera ekonomikoa ez da oztopo izango. "Bulego Judizial Berriaren ezarpena ez da geldituko, Justiziaren modernizazioak ezin diolako gelditzen utzi. XIX. mendeko ohitura eta funtzionamenduak alde batera uztea da helburu nagusia eta, helburua lortzeko, horiek ordenagailuan sartu eta astintzea baino askoz gehiago egin beharra dago", esan du Mendiak.

Erreformarekin, funtsean hiru gauza lortuko dira: batetik, epaitzeko eta epaitutakoa gauzatu arazteko jurisdikzio-zeregina erraztea; bestetik, idazkari judizialei erantzukizun berriak ezartzea; hirugarrenik, organo judizialei, profesionalei, alderdiei eta herritarrei erantzuteko zerbitzu erkide prozesal berriak sortzea.

Horren guztiaren ondorioz, oraingo epaitegien tamaina printzipioz txikitu egingo da eta eratzen diren zerbitzu erkide prozesalen parte izatera pasatuko dira baliabide liberatu horiek. Terminologiaren aldetik ere berrikuntzak etorriko dira; esate baterako, epaitegi terminoa desagertu eta berria sortuko da: Zuzeneko Laguntza emateko Unitate Prozesala (ZULUP).

Bulego Judizial Berriaren ezarpenak beste helburu bat ere badu: Euskal Autonomia Erkidegoko barruti judizialetan Justizia Administrazioaren jarduerak homogeneizatzea, argi eta garbi definituta dauden jarduteko prozesuen eta onartuta dauden jarduteko protokoloen arabera.

Bulego Judizial Berriaren antolamenduak kalitatezko kudeaketa-sistema bat du oinarri. Horrek, Justizia Administrazioaren etengabeko hobekuntza-prozesua elikatzen du, eta inplikatutako alderdi guztien parte-hartzea eta lankidetza ditu oinarrizko zutabe. Horretarako, koordinatu eta hobetzeko batzorde bat sortu da Bulego Judizial Berria ezarritako barruti judizial bakoitzean eta hor epaileek, idazkari judizialek, Justizia Administrazioko langileek eta Eusko Jaurlaritzak dute ordezkaritza.