Bullyingaz hausnartzeko jardunaldia egingo dute UEUk eta Azpeitiko Udalak, azaroaren 24an

Ezkerretik eskuinera: Goenaga, Moreno, Elduaien eta Alegria
UEU
Actualizado: miércoles, 8 noviembre 2017 11:58

DONOSTIA, 8 (EUROPA PRESS)

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta Azpeitiko Udalak "Bullyingaren mugak gainditzen" jardunaldia antolatu dute, bullying gaiaren inguruan lan egiten duten eragileak bildu eta komunitate moduan gai honetan nola eragin daitekeen hausnartzeko asmoz. Topaketa azaroaren 24an egingo da, Gipuzkoako herriko Sanagustin kulturgunean, eta izena emateko epea irekita dago www.ueu.eus webgunean.

Jardunaldia aurkezteko prentsaurrekoa egin dute Iñaki Alegria UEUko zuzendariak, Eli Moreno jardunaldietako koordinatzaileak eta, Azpeitiko Udaletik, Estitxu Elduaien Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak eta Leire Goenaga Hezkuntza zinegotziak.

Goenagak adierazi du azken aldian bullyinga "arazo larri" bihurtu dela ikastetxeetan eta gizartean. Azken urtean sare sozialen eragina aztertuz zenbait saio egin dituztela gogoratu du, eta ikastetxeen, beste hezkuntza eragileen eta gurasoen beharrak aztertu ostean gaia aztertzea erabaki zutela.

"Jardunaldiak gaia aditu desberdinekin eta puntu desberdinetatik lantzeko aukera emango digu, eta gai honen inguruan herriko ikastetxeetan egiten den lana gertutik ezagutzeko aukera ere izango da. Uste dugu denontzat aberasgarri izan daitekeen eguna izan daitekeela", esan du.

Morenok azaldu du jardunaldiaren helburua dela bullyingari aurre egiteko "komunitatearen inplikazioaren beharraz konturatzea" eta aurre egiteko estrategia desberdinak ezagutzea, bai prebentzio mailan bai detekzioaren ondorene. Gainera, gaia genero eta gailuekin lotu nahi izan dute, "batetik, generoak halako egoeretan duen eragina aztertzeko eta, bestetik, gailuen eragina aztertzeko eta hauek eman al dizkiguten aukerez ohartzeko". Horretarako, aditu, profesional eta familiak elkartuko dituzte.