BILBO 16 May. (EUROPA PRESS) -
Bilbo eta Laudio (Araba) lotuko dituen Burdin Hesia Mendi Lasterketaren lehenengo edizioa egingo da ekainaren 30ean, eta parte-hartzaileak Bizkaiko hiriburua Francoren tropetatik babesteko erabili ziren Gerra Zibileko trintxera eta bunkerretan zehar ibiliko dira.
Lasterketa goizeko 9:00etan abiatuko da, Bilboko Areatzatik, eta Laudioko Lamuza parkean amaituko da, Pagasarri, Ganekogorta, Kamaraka edo Goikogane mendietako bide, baso eta magaletan zehar 25 kilometro egin ondoren, antolatzaileek jakinarazi dutenez.
Burdin Hesia mendi lasterketan horrelako probei dagozkien arriskuak egongo dira, esate baterako, zoru irregularrak eta aldapak, eta horrek egoera fisiko onean egotea eskatuko du. Edateko eta jateko hiru zona egongo dira: likidoa hartzeko bat irteeratik sei kilometrora; bigarrena, solidoa zein likidoa hartzeko, 13 kilometrora; eta azkena, likidoa ere hartzeko, 18 kilometrora.
Probaren antolakuntzak parte hartzeko lau kategoria bereiztu ditu: gizonezkoentzako bi -seniorrak eta 50 urtetik gorako beteranoak- eta emakumezkoentzako beste bi -seniorrak eta 45 urtetik gorakoak-. Izena eman daiteke ekainaren 28ra arte Laudioko Olimpus Sport eta Bilboko Bikila saltokietan edo www.kirolprobak.com webgunean.
Mendiko Federazioko kideentzako prezioa zortzi euro da, eta gainerakoentzat hamar. Geroago ere izena eman daiteke, probaren egunean, hau da, ekainaren 30ean, irteera baino 30 minutu lehenagora arte, 12 euro ordainduta.