Burdinbidearen Euskal Museoak asteburu honetan bukatuko du lurrunezko trenen 2014ko ekitaldia, bi zirkulazio eskainiz

Burdinbidearen Euskal Museoa, Azpeitian
IREKIA
Actualizado: viernes, 31 octubre 2014 14:13

DONOSTIA, 31 Oct. (EUROPA PRESS) -

Azpeitian (Gipuzkoa) dagoen Burdinbidearen Euskal Museoak 2014. urteko ekitaldiari dagozkion lurrunezko trenen zerbitzu erregularraren azkeneko bi zirkulazioak jarriko ditu martxan asteburu honetan. Zehazki, larunbatean zein igandean 12:30ean irtengo dira trenak, museoko arduradunek jakinarazi dutenez.

Denboraldi erregularra amaitu ondoren, hiritarrek lurrunezko trenen zirkulazioez gozatzeko beste aukera bat izango dute aurten, abenduaren hasieran, Konstituzioaren Egunarekin eta Sortzez Garbiaren Egunarekin bat datozen jaiegunetan martxan jarriko diren zerbitzu bereziei esker. Halaber, urte osoan bezala, Burdinbidearen Euskal Museoak eskaintzen dituen tren historikoen zerbitzuak alokatzeko aukera egongo da.

Horrez gain, museora joaten direnek, XIX. mendeko azken hamarkadako argitaratu gabeko argazkien erakusketa bat ikusteko aukera dute. Erakusketak Azpeitia eta bere inguruko 32 irudi historikoak ditu; argazki horiek guztiak Arana familiak gordetakoak dira.

Burdinbidearen Euskal Museoak, Europa osoko tren bilduma hoberenetakoa du, mota guztietako ibilgailuekin: lurrunezko lokomotorak, lokomotora dieselak eta elektrikoak; automotoreak eta hainbat motatako bidaiarien kotxe eta bagoi.

Horrez gain, Euskadiko makina erreminta multzo osatuenetakoa du, Urolako Trenbideko tailer mekanikoa izan zenaren bitartez. Instalazio hori 1925ean inauguratu zen bezala kontserbatzen da. Bertan dagoen antzinako motore elektrikoak bertako 16 makinak funtzionarazten ditu, polea, uhal eta lohiztatuen sistema konplexu baten bidez.

Transformazio elektrikorako zentral zaharraren instalazio harrigarriek, merkurio lurrunez funtzionatzen zuten jatorrizko artezketa ekipoekin, orain mende bateko teknologia modernoena erakusten dute.

Gainera, trenetan erabilitako uniformeen erakusketa bat ere ikusi ahal izango da, XIX. mendearen amaierako uniformeetatik hasi eta Abiadura Handiko Trenera (AHT) bitartekoak. Halaber, trenaren munduarekin erlazionaturiko mundu osoko erjolu bildumarik hoberenetakoaz gozatzeko aukera dago, denboran zehar egindako benetako bidaian.