Burdinbidearen Euskal Museoak lurrunezko hiru tren jarriko ditu abian asteburu honetan

Lurrunezko trena museoaren aurrean
EUSKOTREN - Archivo
Actualizado: viernes, 25 mayo 2018 17:02

DONOSTIA, 25 May. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzaren esku dagoen Euskotren sozietate publikoaren Burdinbidearen Euskal Museoak lurrunezko hiru trenen zirkulazioa eskainiko du asteburu honetan, Azpeitian dauden museoaren instalazioetatik Lasaora. Trenak 12.30ean eta 18.00etan irtengo dira larunbatean, maiatzaren 26an, eta 12.30ean igandean, hilaren 27an.

Euskotrenek jakinarazi duenez, Burdinbidearen Euskal Museoak Europako tren bildumarik hoberenetarikoa dauka, mota askotako ibilgailuekin: lurrunezko, diesel eta elektriko tren makinak; automotoreak eta bagoi mota desberdinak.

Era berean, Euskadiko makina-tresna multzorik osatuena eskaintzen du, Urolako Trenbidearen antzinako tailer mekanikoaren bidez. Horrez gain, XIX. mende bukaeratik trenbidean erabilitako uniformeen erakusketa bat eta munduko trenbide erlojuen bildumarik hoberenetarikoa ikusgai daude.

Orobat, "1921-1926. Urola trenbidearen eraikuntza" argazki erakusketa aurkezten ari da museoa. Formatu handiko 36 argazkiko bilduma bat da. Gehienak argitaragabeak dira, eta Urola trenbideko eraikuntzako zenbait etapa islatzen dituzte.