Burdinbidearen Euskal Museoak lurrunezko hiru tren jarriko ditu martxan asteburuan

Lurrunezko trena
Foto: IREKIA
Actualizado: miércoles, 8 julio 2015 13:56

DONOSTIA, 8 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren esku dagoen Euskotreneko Burdinbidearen Euskal Museoak lurrunezko hiru tren zirkulazioan jarriko ditu asteburuan. Zehazki, trenak museoaren instalazioetatik (Azpeitia) Lasaora joango dira, 12:30ean eta 18:00etan larunbatean, uztailaren 11an, eta 12:30ean igandean, uztailaren 12an, museoaren arduradunek jakinarazi dutenez.

   Burdinbidearen Euskal Museoak Europako tren bildumarik hoberenetariko bat dauka, mota askotako ibilgailuekin: lurrunezko tren makinak, dieselak eta elektrikoak; automotoreak; eta bagoi mota desberdinak. Era berean, Euskadiko makina tresna multzorik osatuena eskaintzen du, Urolako Trenbidearen antzinako tailer mekanikoaren bidez. Horrez gain, XIX. mende bukaeratik trenbidean erabilitako uniformeen erakusketa bat eta munduko trenbide erlojuen bildumarik hoberenetarikoa bat ikusgai ditu.

   Horrez gain, aurten, "Egun batez sugina" ekimena gehitu dio bere eskaintzari. Jarduera hau arrunta da Alemaniako, Frantziako edo Britainia Handiko bestelako trenbide turistikoetan, baina berria Iberiar Penintsulan, eta Azpeitia eta Lasao artean egun dagoen zerbitzuaren lurrunezko tren makina baten kabinan bidaiatzeko aukera eskaintzen du.

   Ekimen berri hau azaroaren 1era arte eskainiko da, lurrunezko trenen 2015eko denboraldietako igande guztietan. Esperientzia honetan parte hartzeko interesa duten pertsonek dagokion erreserba egin behar dute, gutxienez aukeratutako eguna baino 72 ordu lehenago, posta elektronikoz Burdinbidearen Euskal Museoaren bezero arreta zerbitzuaren hurrengo helbidera zuzenduta: museoa@euskotren.es.

   Behin erreserba baieztatuta, bidaiaren egunean prestakuntza eta beharrezko hornikuntza hartuko dute, une osoan zehar segurtasuna bermatzeko. Ondoren, makinariari eta suginari lagun diezaieke lurrunezko tren makina martxan jartzeko beharrezko prestaketa guztiak burutzen duten bitartean, baita Azpeitia-Lasao ibilbidearen joan-etorriko bidaia osoan ere tren makina horren kabinan joan ahal izango dira. Ekimenaren prezioa 50 euro da, eta egun bakoitzean parte hartzaile bakarra onartuko da.