Busturialdeko lehen sektorea dinamizatzeko eta kontsumo arduratsua sustatzeko Lurbizi proiektua aurkeztuko da gaur

BILBO, 29 Ene. (EUROPA PRESS) -

Lurbizi proiektua abiaraziko dute Busturialdean (Bizkai), eskualdeko lehenengo sektoreak duen egoera indarberritzeko eta gizartean elikagaien kontsumo arduratsua bultzatzeko helburuarekin. Egitasmoaren aurkezpena Gernika-Lumoko Astran izango da, gaur, urtarrilaren 29an, arratsaldeko 19:00etan.

Horrela, bere arduradunek azaldu duenez, azken hilabetean Nabarniz, Ajangiz, Ea, Errigoitia eta Ereñon herri batzarrak egin ondoren, Astrarako "deialdi zabalago" bat egin da. Helburua, ekoizleak hurbiltzeaz gain, kontsumitzaileak ere erakartzea da, "guztion artean bertoko elikagaien ekoizpena eta kontsumoa bultzatzeko bideak eraikitzeko".

Horrez gain, erabili gabeko lurren jabeak ere kontaktatu nahi dira, beraien lurrei erabilera berri bat emateko edo zer egin daitekeen aztertzeko. Halaber, antzeko bidea aspaldi lantzen hasi ziren eskualdeetako esperientziak ere ezagutu ahal izango dira osteguneko ekitaldian.

Abenduaren hasieran jarri zen martxan Bermeoko Behargintzak eta Gernikako Lan Ekintzak Lanbideren laguntzarekin Eskualdeko Enplegu Planaren barruan sustatutako proiektua. Lurbizi aurrera ateratzeko mankomunitatea osatzen duten 20 udalerriek jarri dute diru laguntza. Proiektuaren diagnostiko fasea abenduaren 1etik maiatzaren 30era dago martxan.

Hurrengo hilabeteetan, Arratzuko Madariene baserritik lanean jardungo dute eskualdeko nekazaritza eta abeltzaintzaren egungo egoera ikertzen. Proiektuaren helburua Busturialdeko lehenengo sektorea indarberritzea eta tokiko elikadura jasangarria garatzea da. Elikadurari lotuta dauden fase guztiak landu nahi dira eskualdeko biztanleekin batera elikagaien produkzioan, transformazioan, salmentan, edo kontsumoan egon ahal diren gabeziak, arazoak, edo hobetu beharrekoak lantzeko eta zuzentzeko.

Hau guztia funtzionatzen hasi dadin udalek sei hilabeterako zerbitzu bat jarri dute martxan. Lehen helburua gaur egungo egoeraren diagnostikoa egitea da, baina baita aholkularitza teknikoa produkzio jasangarriaren inguruan, tokiko elikagaien transformazioan, edo salmenta hurbileko zirkuituetan; baliabideak (lurra, lokalak) bilatzeko laguntza; salmentarako eta kontsumorako dinamizazioa (ekoizle eta kontsumitzaileen arteko harremanak erraztea); erabili gabeko lurrak edo azpiegiturak bilatzea; eta prestakuntza arlo espezifikoetan.