CAF-Elhuyar sarietarako lanak aurkezteko epea otsailaren 12an amaituko da

Actualizado: miércoles, 17 diciembre 2014 17:02

BILBO, 17 Dic. (EUROPA PRESS) -

CAF enpresak eta Elhuyar Fundazioak antolatzen duten CAF-Elhuyar sarietarako lanak aurkezteko epea 2015eko otsailaren 12an amaituko da. Lanak Elhuyarren egoitzara (Usurbilgo Osinalde industrialdea) edo cafelhuyarsariak@elhuyar.com helbide elektronikora bidali daitezke.

Antolakuntzak gogorarazi duenez, hiru kategoria izango dira. Alde batetik, dibulgazio artikulu originalen kategorian, euskaraz sortutako zientzia eta teknologiaren dibulgazio lanak aurkeztuko dira, eta bi azpikategoriatan egongo da: dibulgazio artikulu orokorrak (2.000 euroko saria) eta egilearen doktore tesian oinarritutako dibulgazio artikuluak (2.000 euroko saria).

Bestalde, bigarren kategoria zientzia kazetaritzaren arloko lanena da. Kategoria honetan, euskaraz sortu eta argitaratutako kazetaritza lanak aurkeztuko dira, edozein formatu eta generotakoak. Lanak autoreak edo autoreek nahiz komunikabideak aurkez ditzake, eta irabazleak 2.000 euro jasoko ditu.

Azkenik, zientzia gizartean sorkuntza bekari dagokionez, zientziaren/teknologiaren eta gizartearen arteko elkarrekintza landuko duten proiektuak aurkeztuko dira. Proiektuek izaera zientifikoa, artistikoa zein soziologikoa izan dezakete, eta arlo zientifikoa eta soziala harremanetan jartzea izango da haien muina.

Izan daitezke ikus-entzunezko proiektuak, dantza edo musika ardatz dutenak, esperimentu artistiko sozialak, argazkilaritzakoak, gizartea helburu duten ikerketa zientifikoak edo azterketa soziologikoak. Eremu zientifiko teknologikoa zentzu zabalean interpretatuko du autoreak edo autore-taldeak, eta hauek izan daitezke proiektuaren ardatz: kontzeptu zientifikoak, ikerketa, garapen teknologikoak, gertaera historikoak, etorkizunaren irudikapenak, erronkak, aurreiritziak, kezka sozialak edota zalantza etikoak. Bekadunak 5.000 euro jasoko ditu.