Calixto Bieitok euskaraz estreinatuko du "Obabakoak" Arriagan, urrian

 

Calixto Bieitok euskaraz estreinatuko du "Obabakoak" Arriagan, urrian

Contador
Bieito laneko antzezleei argibideak ematen entsegu batean
ARRIAGA ANTZOKIA
Actualizado 2017/09/14 13:31:19 CET

BILBO, 14 (EUROPA PRESS)

Calixto Bieito eszena zuzendari eta Bilboko Arriaga Antzokiko zuzendari artistikoa buru-belarri ari da Bernardo Atxagaren "Obabakoak" lanaren moldaketan. Antzezlana Arriagan estreinatuko da, lehenik euskaraz, urriaren 18tik 21era, eta ondoren gaztelaniaz, azaroaren 23tik 26ra. "Denboraldi berrian Arriaga Antzokiaren zigilupean eszenara eramango den muntaketa lan garrantzitsuena izango da", antzokiko arduradunek nabarmendu dutenez.

Horrela, 11 euskal antzezle, horietako batzuk dagoeneko eszenako erreferenteak, eta talentu bikaina duten beste gazte batzuk lanean ari dira abuztuaren erdialdetik, Bieitoren aginduetara, ikuskizunaren euskarazko bertsioa sortzen eta prestatzen. Joseba Apaolaza, Itziar Lazkano, Iñake Irastorza, Lander Otaola, Gurutze Beitia, Eneko Sagardoy, Ylenia Baglietto, Miren Gaztañaga, Ainhoa Etxebarria, Koldo Olabarri eta Karmele Larrinaga dira. Bieitok aukeratu zituen guztiak Arriaga Antzokiak deitutako entzunaldi publikoetan. Entzunaldi horietara 200 antzezle baino gehiago aurkeztu ziren.

"Obabakoak" lana zuzenduz, "euskal literaturak eman duen lan bikaina, nazioartean arrakasta gehien lortu duen eta hizkuntza askotara itzuli den euskarazko liburua eszenara eramateko erronka" hartu du bere gain Bieitok.

"Moldaketa libre honetan, pertsonaiak maitasunez, desioz, oroimenez, beldurrez eta zalantzez betetako giza paisaia gisa agertzen dira. Freud izena gure hiztegian ez zegoen haurtzaro urruneko mundu primitibo hartan gertatzen diren istorioak. Fantasiaz, bisioz, oroimenaren gaueko, gure izaerako, txoko ezkutuenetan ezkutatutako irudiz osatutako unibertsoa. 'Obabakoak' konposizio poetikoa, ikustekoa eta fisikoa izango da, eta animaliak gizakiekin nahastuko dira, eta basoak gure gorputz adarrekin. 'Gesamtkunstwerk' txiki bat", esan du Bieitok berak.

ESPERIENTZIA MULTISENTSORIALA

Entseguetan ikusi ahal izan denez, "argi eta garbi dago Bieito antzezlanaren esparrua gaindituko duen eta esperientzia multisentsoriala bilakatuko den lana ari dela prestatzen, ahots desberdinetan oinarrituta eraikitako multimedia poema sinfonikoa".

Horrela, Atxagaren testuaren edertasunari, lanaren moldaketak "oso elementu indartsuak" gehituko dizkio, besteak beste, Sarah Derendinger sortzaile suitzarraren ikus-entzunezko proiekzioak edo musika eta ahots moldaketak, mota guztietako beste soinu batzuen artean. Hori guztia, Susanne Gschwenderrek zuzendutako oso eszenografia bitxiaren eta funtzionalaren barruan gauzatuko da.

"Obabakoak" urriaren 18tik 21era estreinatuko da Arriaga Antzokian, eta bertatik Bartzelonara joango da, Teatre Lliurera, euskarazko bertsioan, katalanezko azpitituluekin; bost emanaldi eskainiko dira, egunean bat, urriaren 25etik 29ra.

Arriaga Antzokiko emanaldietarako sarrerak salgai daude 6,50 eta 25 euro artean, www.teatroarriaga.eus webgunean, 946 850 850 telefonoan edta antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.

Esta web utiliza cookies propias y de terceros para analizar su navegación y ofrecerle un servicio más personalizado y publicidad acorde a sus intereses. Continuar navegando implica la aceptación de nuestra política de cookies -
Uso de cookies