Cannabisak burmuinean eragiten dituen ondorioez arituko dira ostegun honetan Bilbon

Actualizado: miércoles, 4 marzo 2015 16:48

BILBO, 4 Mar. (EUROPA PRESS) -

Achucarro Forum hitzaldi zikloaren hitzordu berri bat izango da ostegun honetan, martxoaren 5ean, Bilboko Bizkaia aretoan, Manuel Guzmán Pastor ikertzailearekin. Zikloko hirugarren hitzaldia izango da, arratsaldeko 19:00etan hasiko da, eta "Cómo actúa el cannabis en nuestro cerebro?" gaia landuko da. Hitzaldira joatea doakoa da eta edonor joan daiteke, baina izena eman behar da, aretoko leku kopurua mugatua delako. Amaieran, hizlariari galderak egiteko aukera izango da, antolakuntzak jakinarazi duenez.

Achucarro Forum dibulgaziozko hitzaldien ziklo bat da, burmuinari buruzko ikerketaren esparruan egunerokotasuna duten gaiak lantzen dituena. Antolatzailea Achucarro Basque Center for Neuroscience da, burmuinari eta burmuineko gaixotasunei buruzko ikerketa estrategikoko euskal zentroa, Ikerbasquek eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) sortua.

Hainbat milurteko dira gizakiak cannabisa eta bere eratorriak darabiltzanetik, medikuntza xedeetarako zein atsegin hartzeko. Alabaina, bere osagai aktiboen (cannabioideak) egitura kimikoa ez zen 1960ko hamarkadara arte argitu, eta hiru hamarkada gehiago behar izan ziren konposatu horiek gure organismoan nola jarduten duten zehaztasun apur batekin ulertzen hasi arte.

Aurkikuntza horiek guztiak lagungarri izan dira, cannabioideek burmuinean eta gure gorputzeko beste organo batzuetan eragiten dituzten ondorioak zientifikoki ezagutzeko ez ezik, izan ditzaketen propietate terapeutikoen inguruko ikerketa berpizteko ere. Hain zuzen ere, gaur egun eztabaida esparru bat da hori, hainbat konnotazio zientifiko, kliniko eta sozial dituena. Hitzaldian gaiaren egungo egoera azaltzeko saiakera egingo da.