Caraband taldea ariko da gaur Donostiako 46. Heineken Jazzaldiko Tokiko Taldeen Hautaketaren barruan

Caraband taldea
HEINEKEN JAZZALDIA
Actualizado: jueves, 17 marzo 2011 11:13

DONOSTIA, 17 Mar. (EUROPA PRESS) -

Donostiako 46. Heineken Jazzaldiko Tokiko Taldeen Hautaketa prozesuak aurrera darrai, eta gaur Caraband taldearen txanda izango da. Kontzertua FNACen izango da, 20:00etan hasita, eta sarrera doan izango da aretoa bete arte, antolatzaileek adierazi dutenez.

Jose Luis Arriezu (bateria), Iñaki Rodriguez (saxoa), Lucia Salcedo (ahotsa), Carlos Arriezu (pianoa) eta Juan San Miguel dira Caraband. Carlos Arriezuren ideia batetik sortu zen taldea, azken hilabeteetan konposaturiko zenbait pieza batzea, hain zuzen ere.

Lucia Salcedo kantariari deitu eta bere asmoa adierazi zion Carlosek; baita baiezkoa eman ere kantariak, egitasmo hartan uste eta gogo osoa jarrita. Dagoeneko urteetan ari dira elkarrekin, zenbait taldetan jardunez -Toto Munilla, El Gusto es Mío- edo pianoa eta ahotsa landuz hainbat eta hainbat abagunetan.

Fase hari ekin eta gero, eta kantak landu ondoren, banda sendo bat sortzea erabaki zuten, denbora laburrean grabatzeko gai izango zena, aurrekontu-arazoengatik batez ere, baina kalitatea bermatuz betiere. Horretarako, harremanetan jarri ziren Marcelo Escrich kontrabaxu-jotzaile argentinar ospetsuarekin, hark ezaguna baitzuen Carlosek, biak Iruñeko kontserbatorioan jazz ikasten aritu izan ziren garaitik. Marcelo oso denbora laburrean "lizentziatu" zen, eta ikastegi hartako irakasle bihurtu berehala, sekulako kalitatea zuelako.

Ondoren, Alberto Zarraluquirekin jarri ziren harremanetan: bateria-jotzaile oso gazte baina oso eskarmentu handiko bat. Hark gogo handiz adierazi zien parte hartzeko nahia.

Oinarria osatu ondoren, haize-tresnekin jarri ziren harremanetan. Iruñeko Kontserbatoriotik ezagutzen zituzten denak ere, jazz ikastetik, eta horrek asko erraztu zien bidea, bai eta ideiak adierazteko modua ere. Saxoetarako aukeratutako musikaria Alberto Arteta da, saxofoi-jotzaile handia eta musikari are hobea. Tronpeta jotzeko, berriz, Jon Celestinori deitu zioten. Artetarekin jo ohi duen musikaria hura ere, eta kalitate handikoa.

Banda osatu ondoren, maketako piezak ezagutarazi eta grabatzea besterik ez zen falta. Berriz ere denbora- eta aurrekontu-arazoak agertu ziren, ordea, eta "xehetasuntxo" bat gaineratu zitzaien: proba-saiorik egin ezina. Hala eta guztiz ere, aurrera jarraitu zuten, eta denbora errealean grabatzea erabaki, proba-saio bakar bat ere egin gabe. Behar bezalako ekoizle baten bila hasi ziren, jazz munduaren aitzin-gibelak ezagutzen zituena, eta, Jonathan Hurtado pianistaren bitartez, David Garrido ezagutu zuten.