Carmelo Bernaolari eskaini dio EOSek Euskal Konpositoreen Bildumako azken zenbakia

Actualizado: lunes, 18 febrero 2013 12:37

DONOSTIA, 18 Feb. (EUROPA PRESS) -

Carmelo Bernaola (1929-2002) "XX. mendeko euskal sinfonismoaren historia berreraikitzerakoan funtsezkoa den sortzaileari" eskaini dio Euskadiko Orkestra Sinfonikoak (EOS) bere Euskal Konpositoreen Bildumako XV. zenbakia, bildumako azkena, hain zuzen ere.

Orkestrako iturriek adierazi dutenez, 1997. urtean Jesus Guridiren lanaren aukeraketa bat biltzen zuen diskoarekin abian jarritako sorta hau, "euskal musikaren mende bat baino gehiagoren testigantza iraunkor eta ezinbesteko bilakaturik heldu da gaurdaino".

Bernaolaren beraren ikasle eta 1990eko hamarkadan EOSen zuzendari elkartua izandako Juanjo Menaren zuzendaritzapean, "Fanfarria preludio", "Piezas caprichosas" (Leticia Moreno biolin bakarlari

arituz), "2. Sinfonia" eta "Fantasías" jaso dira, guztiak lehenbiziko aldiz argitaratu direlarik.

Disko berriaren aurkezpena asteazkenean izango da, goizeko 11:00etan, EOSen egoitzan, Miramonen, Donostian, eta han izango dira Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburu eta EOSeko presidentea, Iñigo Alberdi EOSeko zuzendari nagusia, Juanjo Mena grabazioetako zuzendaria, Jose Luis Garcia del Busto musikologo eta Carmelo Bernaolaren biografoa eta Javier Marcos bildumaren babeslea den Mondragon Korporazioaren komunikazio zuzendaria.