Carmelo Gomez eta Javier Gutierrez aktoreak Bilboko Arriagan izango dira "Elling" obrarekin

Muntaiaren bi aktoreak
SERGIO PARRA/ARRIAGA ANTZOKIA
Actualizado: miércoles, 7 diciembre 2011 14:51

BILBO, 7 Dic. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Arriaga Antzokiak Carmelo Gomez eta Javier Gutierrez protagonista dituen "Elling" obra eskainiko du asteburu honetan. Rebeca Montero eta Chema Adeva interpreteekin eta Mikhail Studyonov pianistarekin batera, Arriagako eszenatokira igoko dira abenduaren 9an eta 10ean, arratsaldeko 20:00etan, eta abenduaren 11n, arratsaldeko 19:00etan, Ingvar Ambjornsen norvegiarraren eleberri honen antzerki-moldaketa eskaintzeko.

Arriagako arduradunek jakinarazi dutenez, eszenara datorren obra honen zuzendaria Andres Lima da, "Hamelin", "Marat/Sade" edo "Urtain" moduko obren aktore eta zuzendaria. Gaztelaniazko ekoizpenaz, berriz, David Serrano arduratu da, eta ekoizlea Coté Soler da (Zoa Producciones). Hala, "Elling" obrak artista eta aktore talde oparoa biltzen du, "antzerki on eta konprometitua" eskaintzea segurtatzen duena.

Elling eta Yarne ospitale psikiatriko batean giltzapetuta bizi diren 40 urte inguruko bi adiskide dira, eta gobernuak "egokitzapen" pisu batera bidaliko ditu bizitza "arrunta" egiteko presta daitezen. Zailtasun handiko oztopoak gainditu beharko dituzte: telefonoz deitu, galtzontziloak erabili edo Gabon gaueko afaria prestatu. Jarduera oinarrizko eta arruntenak egitea benetako safari arriskutsu bihurtuko da bikote honentzat hiriaren oihanean.

Komedia hunkigarri eta barregarri hau Ingvar Ambjornsen-en eleberri batean oinarrituta dago. Ambjornsen Norvegiako eleberri garaikidearen autore handienetakoa da, eta inork baino hobeto islatzen du bakardadearen eta adiskidetasunaren adierazpen literarioa. Bere obrak, errealismo handikoak, 20tik gora herrialdetan argitaratu dira, beste horrenbeste hizkuntzetara itzuli dira, eta arrakasta handiz egokitu dira zinema eta antzerkirako. Oraingoan, Carmelo Gomez eta Javier Gutierrez aktoreek interpretatuko dute Andres Limak zuzendutako muntaia.