C.D. Getxori harrera egin zaio, futboleko Hirugarren Mailara igotzea lortu baitu

Actualizado: miércoles, 5 agosto 2015 17:02

BILBO, 5 (EUROPA PRESS)

   Imanol Landa Getxoko (Bizkai) alkateak eta Udalbatzarreko zenbait partaidek harrera egin diete C.D. Getxoko jokalari, teknikari eta zuzendaritzako kideei asteazkenean, abuztuaren 5ean, udaletxean,  futboleko Hirugarren Mailara igotzea lortu dutelako. Ekitaldian, alkateak Aixerrotaren oroigarria eman die.

   Horrela, Imanol Landak zorionak eman dizkio taldeari eta beren lana goraipatu du, horri esker maila igoera lortu dutelako denbora oso laburrean. "Taldea egitea lortu duzue eta denon artean erronka betearazi duzue, alegia, taldea Hirugarren Mailara eramatea, Getxoren berezko mailara. Hemendik aurrera gora begiratu beharra daukazue", aipatu du Landak.

   Halaber, alkateak zorterik onena opa die datorren denboraldiari begira eta, era berean eskatu die "kontziente izan zaitezten herri honetan jende asko dagoela astebururo zuei begira".

   Iñaki Gerediaga C.D. Getxoko presidenteak, bere aldetik,  harrera eskertu dio Udalari "eta gure esfortzua aintzat hartzea ere. Aintzat hartu beharko dugu guk ere eta zerbait ona egin".

   Bestalde, talde nagusiaren aurkezpen ofiziala asteazken arratsaldean bertan egingo da, 19:30ean, Algortan. Ondoren, ostegunean, Fadurako udal zelaian hiruko torneoa jokatuko dute Barakaldok, Real Unionek, bi horiek 2. B mailakoak, eta C.D. Getxok berak.

   Azkenik, Getxoko Udalak jakinarazi du liga txapelketako kanpaina berria Getxorentzat hilabete honetan bertan hasiko dela, abuztuaren azkenaurreko asteburuan. Lehenengo partida etxetik kanpo jokatuko du Baskoniaren aurka.