Chaplinen "City Lights" filmaren soinu banda prestatuko du EGOk

CITY LIGHTS ROY EXPORT S.A.S
Actualizado: lunes, 28 diciembre 2015 16:01

DONOSTIA, 28 (EUROPA PRESS)

   Euskal Herriko Gazte Orkestrak (EGO) neguko denboraldia aurkeztu du astelehen honetan Eibarren, eta horren barnean, Charles Chaplinen "City Lights" film mutuaren soinu banda prestatuko duela iragarri dute arduradunek. Aurtengo neguko ekitaldian 50 musikari gazte ariko dira Juan Jose Ocon donostiarraren zuzendaritzapean.

   Aurkezpena EGOren topagunea den Eibarko egoitza zentroan egin du Oconek berak, komunikabideentzat ateak ireki ostean. Topaketaren eduki artistikoa aurkezteaz gain, 18 denboraldi hauetan Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren eta BBK, Kutxa eta Vital Kutxako gizarte ekintzen artean mantendutako lankidetza goraipatu eta eskertu du.

   Horrela, EGOren aurtengo neguko topaketa abenduaren 26an hasi zen eta urtarrilaren 5era arte egingo da Eibarko hezkuntza esparruan. Oraingoan, musika sinfonikoa "modu erakargarrian zabaltzea" du helburu EGOk, eta horrela, "publiko berria" sortu nahi du, "funtsezkoa baita gure musikari gazteen etorkizuneko ibilbide profesionalari begira". "Kontzertuak jaialdi izatea da orkestraren asmoa, bai musikarientzat eta baita entzuleentzat ere", azaldu dute.

   Ildo horretan, familian entzun eta ikusteko programa bat prestatuko du, konposizio guztiak arras ezagunak baitira. Orkestra profesionaletan gero eta maizago programatzen duten errepertorioa landu nahi da musikari gazteekin. Musikaren ikuspegitik begiratuta kalitate handiko errepertorioa da, eta interpretatzeko zaila.

   Horrela, Charles Chaplin "City Lights" film mutuaren soinu banda prestatuko du EGOk, eta hiru kontzertu eskainiko ditu urtarrileko lehen astean: 3an Donostiako Victoria Eugenian, 4an Gasteizko Principal antzokian, eta urtarrilaren 5ean Bilboko Euskaldunan. Guztirka 20:00etan hasiko dira.

   Erronka da filmak irauten duen 86 minutuetan musikaren eta irudien arteko "sinbiosi perfektua" transmititzea entzuleei, "egundoko sinkronia ariketa burutuz". "Musika bikaina eta garaien gainetik dauden funtsezko balio unibertsalak uztartzen ditu orain dela 85 urte estreinatu zen lanak, hala nola maitasuna, eskuzabaltasun desinteresatua edota elkartasuna, eta klaseen arteko diferentzia ere erakusten du", azaldu dute.