Christian Scott, Robert Glasper, Terrace Martin, Salvador Sobral eta Curtis Stigers, 53. Heineken Jazzaldian

Jose Luis Lanzagortak egin du kartela
HEINEKEN JAZZALDIA
Actualizado: viernes, 16 febrero 2018 11:56

DONOSTIA, 16 (EUROPA PRESS)

Donostiako Heineken Jazzaldiak izen berriak iragarri ditu uztailaren 25etik 29ra bitartean ospatuko den 53. ediziorako: Christian Scott, Terrace Martin, Taylor McFerrin, Robert Glasper, Derrick Hodge eta Justin Tyson musikariek osaturiko "supertalde garaikidea", Salvador Sobral eta Curtis Stigers.

Horrela, antolakuntzak jakinarazi duenez, ordainpeko kontzertuen egitaraua itxita geratu da izen horiekin. Lehenago iragarrita zegoenez, besteak beste, Gregory Porter, Chick Corea, Cécile McLorin Salvant, Brad Mehldau, Kenny Barron, Carla Bley, Holland/Hussain/Potter, Benny Green, Caetano Veloso, Michel Portal eta Maceo Parker 53. Heineken Jazzaldian izango dira.

Bestalde, jazzaldi donostiarrak dagoeneko kartela dauka, eta Jose Luis Lanzagorta diseinatzaile grafikoak egin du. Egileak kontrabaxu baten giderra irudikatu du, hain zuzen, jazzaren unibertsoa hobekien deskribatzen duen instrumentuetako bat: haren siluetak swinga irudikatzen du, eta, era berean, klasizismoaren dotoretasunari eusten dio.

Aurtengo edizioko kartela hautatzeko, Heineken Jazzaldiaren antolakuntzak lehiaketa murriztu bat egin du hainbat diseinatzaile eta artista plastikoren artean, iaz egin zuen bezala.

Azkenik, antolakuntzak jakinarazi du ordainpeko kontzertuetarako sarrerak otsailaren 22ko 11.30etik aurrera erosi ahalko direla www.heinekenjazzaldia.eus eta www.donostiakultura.eus web orrietan. "Garrantzitsua da erosketa bi web ofizial horietako baten bidez egin dela ziurtatzea. Jazzaldiak ezin ditu bere gain hartu Internet bitartez birsalmentako enpresek egiten dituzten abusuak, kontuan hartuta, gainera, bilatzaileen lehen tokietan kokatzen direla", azaldu dute.