CIC nanoGUNEko ikertzaileek ingurumeneko eragina minimizatu dezakeen teknologia berri baten garapenean parte hartu dute

Luis Hueso ikertzailea
CIC NANOGUNE
Actualizado: miércoles, 20 febrero 2013 11:44

DONOSTIA, 20 Feb. (EUROPA PRESS) -

Luis Hueso Donostiako CIC nanoGUNEko ikertzaileak txipak magnetikoki hozteko teknologia berri bat garatu du, materialen tentsioan oinarritua, besteak beste, Cambridgeko Unibertsitateko ikertzaileekin batera. Aurrerapen horri esker, egungo teknologiek baino eragin txikiagoa izango du ingurumenean. Lana 'Nature Materials' aldizkarian argitaratu berri da.

CIC nanoGUNEko arduradunen arabera, egungo hozte-sistemek (hozkailuek, izozkailuek edo aire girotuaren aparatuek) gas baten konpresioa eta espantsioa erabiltzen dituzte. Gasa, konprimitzean, likido bihurtzen da eta, hedatzean, lurrundu egiten da berriro. Lurruntzeko beroa behar du, bero hori ingurunetik hartzen du, eta, horrenbestez, hoztu egiten du. Sistema hau, ordea, kaltegarria da ingurumenarentzat, eta, gainera, erabiltzen diren konpresoreek eraginkortasun txikia dute.

Gaur egun ikertzen ari diren aukera nagusietako bat hozte magnetikoa da. Gasaren ordez material magnetiko bat erabiltzean datza, eta, konpresio/espantsio zikloen ordez, imanazio/desimanazio zikloak erabiltzen ditu. Hozte magnetikoa efektu magnetokalorikoan oinarritzen da, hau da, material batzuek eremu magnetiko bat aplikatzen zaienean beren tenperatura aldatzeko duten gaitasunean oinarritzen da.

Hala ere, eremu magnetiko bat aplikatzeak arazo ugari eragiten ditu egungo gailu teknologiko miniaturizatuetan (txip elektronikoetan, ordenagailuko memorietan eta abar), eremu magnetikoak eragin negatiboa izan baitezake hurbileko unitateei eragitean. Hori dela eta, funtsezkoa da magnetizazioa kontrolatzeko modu berriak bilatzea.

nanoGUNEko ikertzaile Luis Hueso, Andreas Berger eta Odrej Hovorka ohartu dira ezen, materialen tentsioa erabiliz, alde batera utz daitezkeela eremu magnetiko bat aplikatzearen arazoak. "Materiala tenkatuz eta erlaxatuz, eremu magnetikoarenaren antzeko efektu bat sortzen da, eta, hala, hoztea eragiten duen efektu magnetokalorikoa induzitzen da", azaldu du Luis Hueso nanoGUNEko nanogailuen taldeko buru eta ikerketa honetako ikertzaileak.

"Teknologia berri honi esker, hozte-metodo lokalagoa eta kontrolatuagoa eduki dezakegu, gailuaren gainerako unitateei kalterik egin gabe eta gailu teknologikoen miniaturizatze-joerari jarraikiz", gaineratu du Huesok.

Lantanoz, kaltzioz, manganesoz eta oxigenoz osatutako 20 bat nanometroko film batzuk garatu dira. Huesoren arabera, "ikerketa-alor honen helburua da material eraginkorrak, ekonomikoak eta ingurumena errespetatzen dutenak aurkitzea".

IDEIA, CAMBRIDGEN

"Ideia Cambridgeko Unibertsitatean sortu zen, eta, Erresuma Batuko, Frantziako, Ukrainako eta Euskal Herriko hainbat talderen artean, txip elektronikoak, ordenagailuko memoriak eta mikroelektronikaren aplikazio-mota horiek guztiak hozteko teknika eraginkor bat eta material egokia aurkitu ditugu. Teknologikoki, ez legoke inolako oztoporik hozkailuetan edo izozkailuetan erabiltzeko, baina, ekonomikoki, ez du merezi, tamaina dela eta", azpimarratu du Huesok.

Gaur egun, datu-zerbitzari handietan, diru gehiena hozketan gastatzen da. Horregatik, teknologia berri hau eraginkorra izan liteke aplikazio-mota horietan. Era berean, ordenagailuen prozesadoreek gaur egun duten muga handienetako bat da ez direla nahi bezain azkarrak, erraz berotzen baitira. "Haiek behar bezala hoztea lortzen badugu, eraginkorragoak izango lirateke eta azkarrago lan egin ahal izango lukete", gaineratu du Huesok. Halaber, etorkizuneko patenteei begira "oso gai interesgarria" dela nabarmendu du.

Luis Hueso (Madril, 1974) Ikerbasqueko ikertzailea da, eta nanoGUNEko nanogailuen taldeko burua. Fisikako doktoretza lortu zuen Santiago de Compostelako Unibertsitatean. 2002tik 2005era bitartean, Cambridgeko Unibertsitatean izan zen Marie Curie bekarekin, eta, han, karbono-nanotutuetan spina garraiatzeari buruzko proiektu bat garatu zuen.

2006an, Consiglio Nazionale delle Ricerche-ra (Italia) joan zen, eta, 2007an, Leeds-eko Unibertsitateko irakasle izendatu zuten. 2008az geroztik, ikerketa zientifikoko jarduerekin jarraitzen du Luis Huesok nanoGUNEko nanogailuen taldean, materialak eta funtzionaltasunak bilatuz egungoen aldean iraultza ekarriko duten eta beren ahalmen-mugatik gertu egon litezkeen gailu berriak _silizioetan oinarrituak_ garatu ahal izateko. Hain justu, lan horrengatik lortu zuen 2012an Europako Ikerketa Kontseiluak ematen duen Starting Grant beka ospetsua, 1,3 milioi eurokoa.

Donostiako CIC nanoGUNE Ikerketa Zentro Kooperatiboa xede honekin sortu zen: oinarrizko ikerketa eta nanozientzietan eta nanoteknologian aplikatutakoa garatzea, maila altuko trebakuntza bultzatzea, ikertzaileak alor horretan prestatzea bultzatzea, lankidetza sustatzea Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileen artean (unibertsitateak eta zentro teknologikoak), eta eragile horien eta industriaren arteko lankidetza ere sustatzea.