Cinnovast I. Zine Jaialdiak film klasikoak eskainiko ditu aste honetan EHUko Leioako campusean

Paraninfoan emango dituzte pelikulak
Foto: CINNOVAST
Actualizado: lunes, 17 febrero 2014 13:56

BILBO, 17 (EUROPA PRESS)

   Cinnovast Zine Jaialdiarne lehen edizioa egingo da aste honetan zehar Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Zientzia eta Teknologia Fakultateko paraninfoan, Leioako campusean. Astelehenetik ostiralera, film klasikoak proiektatu eta bi mahai inguru egingo dira, "zineari omenaldia egiteko eta unibertsitateko ikasleengan zazpigarren artean fedea berreskuratzeko". Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko ikasleek antolatu dute jaialdia, Bizkaiko campuseko Kulturbasque programa kulturalaren laguntzarekin.

   Horrela, antolatzaileek jakinarazi dutenez, datorren ostiralera arte, "The Big Lebowsky" (1998), "Midngiht Cowboy" (1969), "Citizen Kane" (1941) eta "Alien" (1979) filmak proiektatuko dira. Bestalde, asteartean eta ostegunean, hilaren 18an eta 20an, bi mahai inguru egingo dituzte, "Quo Vadis Cine?" eta "Una experiencia de cine" izenburupean; bietan, zinemaren nondik norakoak eta zuzendarien esperientziaz hitz egingo dute.

   "Quo Vadis Cine?" mahai inguruan, Jorge Barrio Uribarri zinemagile eta irakasleak, Samuel Gibert aktoreak, Juan Carlos Vinuesa filmen banatzaileak eta Casilda de Miguel EHUko Zine irakasleak parte hartuko dute. Bigarren mahai inguruan, aldiz, Pedro Rivero zuzendari eta gidoigilea, Toni Abad eta Hartiz Zubillaga izango dira.

   Bestalde, asteazkenean, otsailaren 19an, 11:30ean, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko auditoriumean, film labur onenaren saria emango dute, jaialdiaren atariko gisa antolatutako lehiaketan. Samuel Gibert, Jorge Barrio Uribarri eta Asier Guerricaechebarría izan dira epaimahaikideak.