Claudia Diasek zuzendutako dantza garaikideko ikastaroaren ate irekien saioa izango da asteazkenean Bilbon

Actualizado: lunes, 21 julio 2014 12:42
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 21 (EUROPA PRESS)

   Muelle 3 dantza elkarte bilbotarrak Claudia Dias koreografo portugaldar ospetsua Bilbon zuzentzen ari den dantza garaikideko ikastaroaren ate irekien saioa antolatu du asteazkenerako, uztailaren 23rako. Jarduera arratsaldeko 18:00etatik aurrera egingo da Muelle 3 elkartearen egoitzan, Mesedetako Kaiaren 3 zenbakian, Bilboko San Frantzisko auzoan.

   Antolatzaileek azaldu dutenez, Claudia Dias CTR (denbora errealeko konposizioa) delakoan oinarritutako dantza garaikideko ikastaro bat zuzentzen ari da Bilbon. Bereizgarritasun gisa, heziketa arloko ekimen honek, sormen lan berri bat ekarriko duen proiektu pedagokiko zabalago baten osagarria da. Lan hori udazkenean aurkeztuko da, Bilboko Udaleko Kultura Sailak antolatzen duen BAD Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdian.

   Proiektua, CTR delakoa ikasten eta garatzen diharduten bertako eta nazioarteko 13 sortzaileri zuzenduta dago: Sofia Asencio (Katalunia), Laida Azkona (Euskal Herria), Idurre Azkue (Euskal Herria), Giulia Ferrato (Italia), Sandra Gomez (Valentzia), Loida Gomez (Murtzia), Itsaso Iribarren (Madril), Angela Milano (Alemania-Euskal Herria), Matxalen de Pedro (Euskal Herria), Idoia Zabaleta (Euskal Herria), Carolina Campos (Brasil), Daniel Pizamiglio (Brasil) eta Luciana Chieregati (Brasil).

   Ekimena Muelle3, Azala eta La Fundición sorkuntza esparruek antolatu dute, BAD Jaialdiaren, Bilbaoeszena baliabide eszenikoen zentroaren, Bilbao Harrobia ekoizpen eszenikoko berrikuntza zentroaren eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren lankidetzarekin.

   Prestakuntza programak 250 eskola ordu izango ditu guztira, hastapen tailerraren eta hiru lan faseren artean banatuta (apirilean eta maiatzean Azalan, uztailean Muelle 3n eta urrian La Fundición aretoan). Hiru urrats horien ondoren, garatutako sorkuntza lanaren jendaurreko aurkezpena egingo da Bilbon, urriaren 22tik azaroaren 2ra bitartean ospatuko den BAD jaialdiaren barruan.

DENBORA ERREALEKO KONPOSIZIOA

   Claudia Diasek (Lisboa, 1972) zuzenduko du sorkuntza prozesuari buruzko "Denbora Errealeko Konposizio" (DEK) ikastaroa. DEK deritzon teknika João Fiadeiro artista portugaldarrak sortu zuen dantza garaikidearen testuinguruan, eta arte performatiboetatik abiatuta, topaketa moduei buruzko ikerketa metodo bat gauzatzea lortu zuen.

   DEK laborategi baten antzekoa da, eta horren barruan, ikuspuntu estetiko batetik abiatuta, gauzak egiteko beste modu batzuk froga daitezke, orainaz (orain kulturalaz, sozialaz eta politikoaz) pentsatzeko eta ekiteko aukera ematen dutenak. Horrez gain, ezezagunari aurre egiteko lan tresna egokia izan daiteke, praktika honetan ez baitago aurretiaz zehaztutako gidoirik. Horren haritik, etortzeko dagoenaren aurrean (gain)bizitzeko teknika bat dela esan liteke.