Corredor-Matheosek, Benitez Reyesek eta Fernandez de la Sotak poesia irakurketa bat egingo dute bihar BilbaoPoesian

Actualizado: martes, 18 octubre 2011 13:39

BILBO, 18 Oct. (EUROPA PRESS) -

BilbaoPoesia Bilboko Poesiaren Astea bere erdigunera helduko da bihar, urriaren 19an, Jose Corredor-Matheos, Felipe Benitez Reyes eta Jose Fernandez de la Sota elkartuko dituen poema irakurketa batekin. Hitzordua arratsaldeko 19:30ean izango da, Bidebarrietako liburutegiko ekitaldi aretoan, eta bertan, hiru poetek, aukeratutako poemen irakurketa bat eskainiko dute, antolakuntzak jakinarazi duenez.

Jose Corredor-Matheos (Alcazar de San Juan, Espainia, 1929) poeta, saiakera idazle eta itzultzailea 1936an joan zen Bartzelonara, eta bertan Zuzenbide Lizentziatura lortu zuen. Bere poesia ibilbidea 1953an hasi zuen, "Ocasiones para amarte" lanarekin. Horren ondoren beste zenbait izenburu etorri dira, "Poesía 1951-1975" eta "Poesía 1970-1994" lanetan bilduak. Horrez gain, arte garaikideari, arkitekturari, diseinuari eta arte herrikoiei buruzko hainbat monografia idatzi ditu.

San Fernando Arte Ederren Errege Akademiako kidea da. 1950eko poeta belaunaldiaren barruan dagoen arren, bere literatur joera ekialdeko kulturatik, poesia txinatarretik eta filosofia budistatik gertu dago. Lortu dituen sarien artean, 2005eko Poesiako Espainiako Sari Nazionala nabarmentzen da, "El don de la ignorancia" lanari esker lorturikoa.

Bestalde, Felipe Benitez Reyes (Rota, Espainia, 1960) poeta, eleberrigile, itzultzaile eta saiakera idazleari dagokionez, literaturaren eremu guztiak hartzen dituen lan zabala idatzi du, eta Espainiako literaturan eragin gehien duen ahotsetako bat da gaur egun. Antologia garrantzitsuenetako kide da, hizkuntza erabat menperatzen duelako, bere lehen garaiko neosinbolismotik, ondorengo lan poetikoen bertsatilitate handiraino. Beste batzuren artean, Luis Cernuda saria, Ojo Critico saria, 2007ko Nadal Saria, Kritikaren Saria edo Literaturako Espainiako Sari Nazionala jaso ditu.

Azkenik, Jose Fernandez de la Sota (Bilbo, 1960) kazetari, poeta eta narratzailea literatur kritikari gisa aritu izan da prentsan eta irratian, eta zutabegile gisa ere aritu da Euskadiko zenbait egunkaritan. Horrez gain, "Los pliegos del norte" poesia bilduma eta hainbat kultur aldizkari zuzendu ditu. Poeta gisa hamar liburu idatzi ditu; horien artean, 2010ean Gaztelaniazko Euskadi Literatur Saria eman zion "Vacilación" lana nabarmentzen da.