Cristobal Balenciaga Museoak bi ikastaro berezi eskainiko ditu uztailean zehar

Ikastaro teknikoak egingo dira museoan udan
Foto: CRISTOBAL BALENCIAGA MUSEOA
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 23 mayo 2013 16:17

DONOSTIA, 23 (EUROPA PRESS)

   Cristobal Balenciaga Museoak bi ikastaro egingo ditu uztailean udako programazioaren barruan. Alde batetik, animazioaren hastapen ikastaroa eskainiko du, Digipen Institute of Technology Europe-Bilbao zentroaren eskutik, eta bestetik, ehunaren estanpazio digitalekoa antolatu du, Malús Arbide artista eta diseinatzailearekin. Ikastarootan izena emateko epea ekainaren 16ra arte egongo da irekita.

   "Balenciaga biziduna. Marrazketaren eta animazioaren hastapen ikastaroa" delakoaren ardatzak, animazio tradizionala, marrazketa naturala, anatomia artistikoa eta Cristobal Balenciagaren obra izango dira. Tailerrak iraungo duen sei egunetan (uztailaren 10, 11, 12, 17, 18 eta 19), parte-hartzaileek hainbat marrazki, animazio, eskultura eta maketa egingo dituzte, eta horietan guztietan, museoko bilduma zein eraikina bera baliatuko dituzte inspirazio-iturri gisa.

   Ikastaroa marrazketarekin eta animazioarekin lotutako ezagutzak lortu nahi dituzten 16 urtetik gorako ikasleei zuzenduta dago. Gehienez 12 pertsonak parte hartu ahalko dute, eta eskolak gaztelaniaz izango dira.

   Ikastaroan aurreikusitako edukiak eta jarduerak benetako edukien bertsio laburtuak dira; hain zuzen ere, Bilboko DigiPen etxean Arte Digital eta Animazioko Arte Ederretako unibertsitate-graduko lehen urtean ematen direnenak. Ikasleek AEBetako DigiPen Institute of Technology unibertsitate prestigiotsuaren Europako egoitzan zer metodologia eta prozedura erabiltzen dituzten ikusi ahal izango dute ikastaroan.

   Irakasleak -Javier Martin- curriculum bikaina du. Arte Ederretan eta Arkitekturan lizentziatua da Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), eta film luzeen animazioan espezializatuta dago. Ia 20 urte daramatza lanean eta Europako bost herrialdetan lanean aritua da. Hainbat film luzetan lan egin du: "El Cid" obran animazio-zuzendari gisa eta "Astérix et les Vikings" eta "The Illusionist" filmetan animatzaile gisa. Gaur egun marrazketa, giza anatomia eta bi dimentsioko animazioa irakasten ditu DigiPen Institute of Technology zentroan.

EHUNAREN ESTANPAZIOA

   Bestalde, Malús Arbide artista eta diseinatzaileak ehunaren estanpazio digitaleko ikastaro teoriko-praktikoa proposatu du. Bost egunez, uztailaren 1etik 5era, ikasleek errepikapen-patroi grafiko bat (pattern design) sortzeko teknika espezifikoak landu eta gaur egungo tresna digitalak aztertuko dituzte.

   Mintegiaren zati praktikoaren helburua diseinu proiektu bat aurrera eramateko prozesua hasieratik amaierara garatzea izango da, abiapuntutzat hartuta parte-hartzaile bakoitzak garatuko duen jatorrizko ideia.

   Artista, diseinatzaile, Arte Ederretako edo Diseinuko ikasle edo lizentziatu, moda munduko profesional eta ehunaren diseinu digitaleko ezagutzak bereganatzeko edo sakontzeko interesa duen orori zuzenduta dago.

   Azkenik, Cristobal Balenciaga Museoak helduentzako programazio didaktikoarekin jarraituko du udan. Hilean bitan tailer hauek antolatzen ditu, eta ekainean, uztailean eta abuztuan ere antolatuko ditu, moda-sorkuntza hizpide hartuta. Gehienez 16 pertsonak parte har dezakete, eta hurrengoa igandean, maiatzaren 26an, izango da.

Contenido patrocinado