Cristobal Balenciaga Museoak eta Madrilgo Jantziaren Museoak Balenciagaren jantziak partekatuko dituzte

Balenciagaren lanetako bat
Foto: CRISTOBAL BALENCIAGA MUSEOA
Actualizado: jueves, 6 marzo 2014 17:08

DONOSTIA, 6 (EUROPA PRESS)

   Getariako (Gipuzkoa) Cristobal Balenciaga Museoak eta Madrilgo Jantziaren Museoak moda sortzaile getariarraren piezak partekatuko dituzte. Zehazki, jantziek historian zehar izandako bilakaerari buruzko museo madrildarrak Cristobal Balenciaga Museoaren inaugurazio erakusketan izan ziren 20 pieza hartuko ditu, eta Getariako museoak, berriz, Jantziaren Museoak dituen Balenciagaren funtsen berrazterketa egingo du Lorena Delgado Madrilgo zentroko kontserbatzailea komisario izango duen erakusketan.

   Bi erakundeen elkarlanaren azken helburua da Cristobal Balenciagaren obra eta irudiak moda eta goi mailako joskintzaren munduan eta sorkuntza artistikoan oro har izandako garrantzia sustatzea, hedatzea eta indartzea, museo getariarreko arduradunek azaldu dutenez.

   Horrela, Cristobal Balenciaga Museoaren inaugurazio erakusketaren lagin bat izango da ikusgai museo madrildarrean, "Cristobal Balenciaga. Jenioaren ikuspegia, maisuaren teknika" izenburupean. Apirilaren 11tik aurrera, Getariako moda sortzailearen lanik onenak erakutsiko dira, Balenciagak izandako arrakastaren eta modaren historiari egindako ekarpenaren isla izateko asmoz.

   Erakusketa, zehazki, moda sortzailearen bizitza eta lana aztertzen dituzten 20 piezako aukeraketa zaindu bat da, haren hasierako urteetatik azken sorkuntza lanetara. Horrenbestez, erakusketak Balenciagaren obraren ezaugarri nagusiak islatuko ditu eguneko jantzien, koktel eta gau soinekoen edo ezkontza jantzien bitartez.

   Bestalde, Cristobal Balenciaga Museoak "Balenciagaren artea" erakusketa irekiko du egun berean, apirilaren 11n. Bertan egiaztatu ahal izango da Balenciagaren irudia "modaren eta goi mailako joskintzaren mundutik haratago" doala, "sorkuntza artistiko hutsaren arloan zeharo murgilduz".

   "Balenciagaren ebakera teknikak, maisutasunak, gama kromatikoak eta txukuntasunak argi eta garbi erakusten dute ederki ezagutzen zituela bai artearen historia bai bere tradizio kulturalaren parte diren artista handiak", azaldu dute.

   Hori horrela, erakutsiko diren 60 lanen bitartez, Balenciagaren sorkuntzek jasotako Zurbaran, Velazquez, Goya, Sorolla, Zuloaga, Picasso edo Juan Gris bezalako artisten eragina aztertuko du erakusketak.