Cristobal Balenciaga Museoak ia 46.000 bisitari izan zituen 2013an

Getariako museoaren fatxada
Foto: CRISTOBAL BALENCIAGA MUSEOA
Actualizado: jueves, 16 enero 2014 13:04

Aurtengo programazioak 1.358.720 euroko aurrekontua izango du, iazkoaren antzekoa, erakunde sortzaileek egindako apustuari esker

   DONOSTIA, 16 (EUROPA PRESS)

   Getariako (Gipuzkoa) Cristobal Balenciaga Museoak 45.892 bisitari
izan zituen 2013. urtean, hau da, museoaren lehen urte naturalean (2012) baino %32 gutxiago. Jaitsiera krisi ekonomikoari eta, nagusiki urteko bigarren erdian, jarduerak murriztu izanari egotzi diete museoaren arduradunek.

   Bisitarien kopurua jaitsi egin den arren, emaitzen kontuak ez du neurri bereko beherakada izan, eta horrela, leihatilako diru-sarrerak %18 besterik ez dira gutxitu, txartel arruntarekin sartu diren bisitarien kopuruak gora egin duelako, eta txartel murriztuekin edo doakoekin sartu direnen kopuruak beherakada erlatiboa izan duelako.

   Urte berrian, museoak askotariko interesak dituzten bisitariak erakarri nahi ditu, eta horregatik, antolatu duen jardueren programak balio berriak eta erakargarriak gehituko dizkio erakusketen eskaintzari. Denboraldiaren hasierari dagokionez, museoko arduradunek nabarmendu dute lehen aldiz paratuko direla aldi baterako erakusketak eta Madrilgo Jantziaren Museoarekin lankidetza abiaraziko dela.

   Bisitariei buruzko datuei dagokienez, krisi ekonomikoaren ondorioz, museoak 2012an baino 22.330 bisita gutxiago jaso ditu, Euskadiko eta Espainiako museo nagusietan izan den beherakadarekin bat datorren joera. Museoak abuztuan eta ekainean jaso zituen bisita gehien: 7.403 eta 5.491, hurrenez hurren.

   Batik bat asteburuetan eta oporraldietan jaso ditu bisitak; "horrek argi uzten du Cristobal Balenciaga Fundazioaren patronatuak proposatutako ordutegiaren doikuntza, iazko irailean aplikatzen hasitakoa, egoki baino egokiagoa dela".

   Jatorriari dagokionez, bisitarien %40,38 Euskadikoak izan dira, %29,33 estatu autonomia erkidego batzuetakoak (Nafarroa, Katalunia eta Madril nabarmenduz) eta %31,27 beste herrialde batzuetakoak. Atzerritar gehienak Frantziatik etorri dira (%19,23), baina dezente hurbildu dira beste herrialde batzuetatik ere, Ingalaterratik, Alemaniatik eta Italiatik, kasurako.

2014KO EGITARAUA

   Bestalde, Cristobal Balenciaga Museoaren aurtengo programazioak 1.358.720 euroko aurrekontua izango du -iazkoaren antzekoa-, eta erakunde sortzaileek zentroaren alde egindako apustua "bikain adierazten du", hots, Getariako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak,
Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Kultura Ministerioak. Museoak inguruan dituen elkarteekin eta erakundeekin lankidetzan aritzea bultzatuko du.

   Urtarrilaren 31n kargua utzi eta proiektu profesional berri bati ekingo dion Javier Gonzalez de Duranak zehaztutako erakusketa programako zuzendari berriaren ekarpenekin aberastuko da. Egun, abian da zuzendari berria hautatzeko prozesua, Gonzalez de Durana komisario eta kultura kudeatzaile independente gisa arituko baita.

   Apirilean inauguratuko da urteko lehen seihilekoko erakusketarik garrantzitsuena. Madrilgo Jantzien Museoarekin eginiko koprodukzioa da, Cristobal Balenciagaren obrari buruzkoa, eta museo madrildarreko kontserbatzailea den Lorena Delgado eta Cristobal Balenciaga Museoko kontserbazioko arduradun Igor Uria Zubizarreta izango dira komisarioak. Museoek beren funtsetan dituzten Balenciagaren lanak trukatuko dituzte, baterako lehen erakusketa izango den horretan.

   Erakusketa urtea hasteko, Gueñeseko (Bizkaia) paperezko soinekoen lehiaketari buruzko atzerabegirakoa eskainiko da. "Paperezko moda" deituko da eta lehiaketako piezarik azpimarragarrienetako batzuk aurkeztuko dira. Besteak beste, Alberto Sinpatron, Ion Fiz eta Javier Barroeta sortzaileen lanak erakutsiko dira museoaren sarreran otsailaren 14tik aurrera ikusgai egongo den erakusketan.

   Halaber, apirilean "Errenazimendua. Moda margolanetik moda argazkira" izango da ikusgai, ESDIR Errioxako Diseinu Goi Eskolako ikasleek eginiko proiektua. Bisitariak Errenazimenduko erretratu ezagunetan oinarritutako argazkiak ikusiko ditu, zentroko ikasleek eginiko janzkiak daramatzaten aktoreak eta modeloak ageri direnak. Erakusketa apirilaren 11tik aurrera bisitatu ahalko da Aldamar Jauregian.

   Hezkuntza programazioari dagokionez, urteko lehen seihilekoan ere, helduei zuzendutako ohiko tailerrak eskainiko dira. Gainera, hilean behin, familiei zuzendutakoak antolatuko dira. Familientzako bisita tailerren helburua 6 eta 12 urte bitarteko haurrei Cristobal Balenciaga Museoko bilduma modu ludikoan eta sortzailean eskaintzea da.

   Programatutako erakusketak osatzeko, hitzaldiak eta tailerrak eskainiko dira, bisitariak esperientzia osoagoa izan dezan. Horrenbestez, Cristobal Balenciagaren eta Pedro Rodriguezen dizipulu den Miguel Elolak ikastaro magistrala emango du otsailaren 24, 25 eta 26an. Elolak irakasle lanetan dihardu aspaldiko urteetan, eta janzki bat sortzera bideratutako teknika zehatzen berri emango du irakaspen magistralean.

NAZIOARTEKO HARREMANAK

   Bestalde, Cristobal Balenciaga Museoak ekoitzitako "Zinema, Balenciagaren amets bat" erakusketak Pedro Usabiaga du komisario, eta Berlinen erakutsiko da, otsailaren 6tik 16ra egingo den Berlinale zinemaldiaren 64. edizioan. Berlingo Espainiako Enbaxadan egongo da ikusgai erakusketa, zinemaldiak irauten duen bitartean.

   Beste museo batzuei mailegatutako piezei dagokienez, "Japonismoa.
Japoniako artearen lilura" erakusketari utzitakoak daude; Madrilgo CaixaForumen egongo da ikusgai erakusketa, otsailaren 16ra arte.

   2016. urteari begira, museo gipuzkoarrak proiektu bat gauzatu nahi du Mexiko Hiriko Arte Modernoen Museoarekin elkarlanean. Proiektu horretan, Cristobal Balenciaga Museoko soineko zein argazkiak eta Mexikoko museoko margolanak uztartuko dira. Besteak beste, Frida Kahlo, Diego Rivera, Jose Clemente Orozco, David Alfaro Siqueiros eta Rufino Tamayo abangoardiako margolari mexikarren lanak erakutsiko dira; 1930, 1940, 1950 eta 1960ko hamarkadetako eran jantzitako emakumeen erretratuak, hain zuzen ere.