Cristobal Balenciaga Museoak ia 80.000 bisitari izan ditu ireki zenetik

"Harrera bikaina" izan dute bisita gidatuek
Cristobal Balenciaga Fundazioa
Actualizado: martes, 10 enero 2012 16:55

DONOSTIA, 10 Ene. (EUROPA PRESS) -

Getarian (Gipuzkoa) dagoen Cristobal Balenciaga Museoak "ilusio handiz" ekin dio 2012ko jarduerari, orain arte lortutako emaitza onak ikusirik. Izan ere, 2011ko ekainaren 10ean ireki zenetik, guztira 78.652 bisitari izan ditu museoak, eta Cristobal Balenciaga Fundazioa "oso pozik" agertu da 2011ko emaitzekin.

Museoak jardueren egitarau berria jarriko du abian aurten, askotariko kezkak dituzten ikusleengana iristeko eta egungo erakusketari balio berriak eta erakargarriak eskaintzeko asmoz. Datorren denboraldian aldi baterako lehenengo erakusketak egingo dira Aldamar jauregi zaharberrituan, eta bilduma propioak ere hainbat aldaketa izango ditu.

Museoko arduradunen arabera, bisitarien aurreikuspenak "nabarmen" gainditu dira, eta 78.652 ikusle izan ditu lehenengo zazpi hilabeteetan. Ikusle gehien abuztuan izan ziren (19.775); uztailean ere jende ugari izan zen (15.665), eta urrian, azkenik, 10.544 ikusle izan zituen museoak. Halaber, uztailaren 14ko ikusle-errekorra (1.148 bisitari) nabarmendu dute ardurabnek, bai eta abenduko zubian -hilaren 2tik 8ra- 2.310 ikusle izan zituela museoak.

Ikusle gehienak helduak dira (%58,47). Erretiratuak %24,27 dira, eta gainerakoak gazteagoak, ikasleak eta 9 urtetik beherako umeak, hain zuzen. Jatorriari dagokionez, %53,76 EAEkoak izan dira, %25,76 Estatuko autonomia erkidego batzuetakoak eta %20,47 atzerritarrak. Atzerritar gehienak Frantziatik etorri dira (%7,89), baina Ingalaterratik, Alemaniatik, Italiatik, Amerikako Estatu Batuetatik, Suediatik, Brasildik eta abarretatik ere izan dira.

Bisita gidatuek eta proposatutako jarduerek "harrera bikaina" izan dute. Horrela, orotara etorritako ia 80.000 bisitarietatik 6.577 lagunek bisita gidatuak egin dituzte euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez edo frantsesez; guztira 477 bisita gidatu eskaini dizkie Cristobal Balenciaga Museoak ikusle-taldeei.

Lehen urte honetan honako jarduera hauek proposatu dira, besteak beste: tailer didaktikoetan umeei eta helduei eskainitako 200 plazak bete dituzte eta ekitaldi guztiak (kontzertuak, moda-desfileak, gaueko bisitak) bete-bete eginda egon dira. 2011-2012 ikasturtean abian jarritako eskaintza didaktikoan, bestalde, orain arte 192 ikaslek parte hartu dute.

Azkenik, Cristobal Balenciaga Museoa finantzatzen duten erakundeek -Espainiako Kultura Ministerioa, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia- 1.400.000 euroko ekarpena egingo dute, eta horrela, museoaren baliabideak gehituta, aurrekontua 2,2 milioi eurokoa izango da. Zenbateko horrekin 2012ko jarduerak ordainduko dira, besteak beste, aldi baterako lehenengo erakusketak eta bilduma propioaren aldaketa.