Daniar osasun publikoko ordezkaritza bat Euskadin dago euskal politikak ezagutzeko

Actualizado: jueves, 5 marzo 2015 14:54

BILBO, 5 (EUROPA PRESS)

   Danimarkako osasun publikoko ordezkaritza bat Euskadin dago osasun ikerketa eta berrikuntzaren arloko euskal politikak eta Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) ezarritako e-osasuneko programak ezagutzeko asmoz. Lan bisita Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila beste eskualde eta herrialde batzuekin osasun arloan gauzatzen ari den lankidetza jardueren barne dago.

   Zehazki, Danimarkako e-osasuneko Kontseilu Nazionaleko hiru ordezkari, Danimarkako Osasun eta Sendagaien Agintaritzako (Osasun eta Farmaziako Ministerioa) zuzendari Jacob Cold, Danimarkako Eskualdeetako Osasun-Politikako zuzendari Erik Jylling eta Sealand Eskualdeko zuzendari exekutibo Jens Andersen dira daniar ordezkariak.

   Horiekin batera etorri dira Danimarkako osasun eta farmaziako eta finantzetako erakunde gorenen hainbat arduradun eta osasun arloko eskualde eta udal mailako hainbat ordezkari. Ostegunean eta ostiralean egongo dira Euskadin, bertatik bertara ezagutu nahi dituztelako Euskal Osasun Sistemaren funtzionamendua, osasun ikerketa eta berrikuntzako politikak eta Euskadin ezarritako e-osasuneko programak.

   Danimarkako e-osasuneko Kontseilu Nazionala Europako iparraldeko herrialdeko osasun arloko agintari gorenaren aholku erakundea da, osasunaren informazioaren teknologietako estrategiari dagokionez. Danimarkako Gobernuko, eskualdeetako eta udalerrietako ordezkariek osatzen dute.

   Osasuneko daniar eta euskal ordezkarien arteko topaketa hau iragan urtarrilean Danimarkan egindakoaren jarraipena da eta administrazio bien arteko balizko lankidetza jardueren abiapuntua izan daiteke, Eusko Jaurlaritzako Osasun Ikerketa eta Berrikuntzako zuzendari María Aguirrek adierazi duenez.

   Daniar ordezkaritzak ezagutu asmo ditu Osasun Sailak zer estrategia darabilen berrikuntza eta ikerketan, osasun sistemaren jasangarritasunean, prebentzioaren eta osasuna sustatzearen kulturan eta zahartzaroaren, kronikotasunaren eta mendekotasunaren erronkei emandako erantzun integratuan. Halaber, Europan erreferentziazkoak diren euskal e-osasuneko programak ezagutzeko interes berezia dute.

BISITAK ETA BILERAK

   Horretarako, hainbat lan bisita eta bilera antolatu dira Euskadin igaroko dituzten egunetan. Lehenik, euskal osasun politikak eta estrategiak aurkeztu zaizkie, eta Osasun Sailaren mendeko BIOEF Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitariorako Euskal Fundazioa ezagutuko dute. BIOEF da ikerkuntza eta garapena koordinatzeko eta kudeatzeko zentro nagusia, baita Euskal Osasun Sistematik eratorritako berrikuntzarena (emaitzen ustiaketa barne) ere.

   Euskal osasun antolaketa gertutik ezagutzeko aukera ere izango dute, Bilbo-Basurtuko Ospitalea bisitatuko baitute. Bertan, hainbat lan bilera antolatu dira, paziente kronikoen telemonitorizazioko ekimenak azaltzeko.

   Azkenik, Bizkaiko Osasuneko Lurralde Ordezkaritzan, Euskadin garatu eta ezarri diren e-osasuneko beste programa batzuk emango zaizkie ezagutzera, esaterako, osarean, osabide global eta errezeta elektronikoa, Euskal Osasun Sistemaren kalitatea eta jasangarritasuna areagotzea eta arreta hobetzea ekarri dutenak.

   Jaurlaritzaren eta, zehazki, Osasun Sailaren Nazioartekotze Estrategiari eta Espezializazio Adimentsuari (RIS3) lotuta, Osasun Sailak, bere ildo estrategikoaren bidez, beste eskualde eta herrialde batzuekin lankidetza modu egonkorrean jarduteko asmoa du, osasun politiken eta politika soziosanitarioen garapenean elkarrekin lan egiteko.

   Horren adibide dira Ipar Irlandarekin izenpetutako elkar ulertzeko memoranduma, Osasun Sailak iaz Akitaniarekin sinatutakoa edota Eskoziarekin sinatuko dena. Danimarkaren kasuan, lankidetza esparru berriak bilatzen dira.

   Memorandum horiek guztiek, besteak beste, zainketen jarraitutasuna, gizarte eta osasun integrazioa, e-osasuna, ikerketa eta berrikuntzaren garapena lantzen dituzte eta bi helburu dituzte osasuna hobetzea eta sozioekonomiaren garapena.