Daniel Veronesek zuzenduriko "El desarrollo de la civilización venidera", BBk Aretoan bihartik ostiralera

Actualizado: miércoles, 2 marzo 2011 15:46

BILBO, 2 Mar. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Arriaga Antzokiaren BBK Aretoko programazioak aurrera darrai "El desarrollo de la civilización venidera" izenburuko muntaiarekin, martxoaren 3an, 4an eta 5ean, arratsaldeko 20:00etan. Daniel Veronesek zuzenduta, obra hau Henrik Ibsen norvegiarraren "Et dùkkehjem" (Panpinen etxea) obra ezagunaren bertsio berri bat da, Veronesek berak egina.

Areto bilbotarreko arduradunek adierazi dutenez, bost antzezle igoko dira eszenatokira, une honetako zuzendari eta antzerkigile ospetsuenetako baten obra hau interpretatzeko, hots, Daniel Veronese argentinarraren obra hau interpretatzeko. Carlos Portaluppi, Maria Figueras, Ana Garibaldi, Mara Bestelli eta Marcelo Subiotto dira bost aktoreak.

Daniel Veronese antzerkigile, zuzendari, aktore eta titiritero argentinarra da Henrik Ibsen norvegiarrak idatzitako "Panpinen etxea" obraren bertsio berri honen egilea, berak "Etorkizuneko zibilizazioaren garapena" izena jarri diona.

Ordubete eta 20 minutura laburtutako bertsio bat da, baina gatazka guztiak gordin-gordinik agertzen dituena. Moldaketa honen bitartez, antzerkigile argentinarrak egiazko omenaldia egin die XIX. mende amaierako gizartea asaldatu zuten obrari eta egileari.

Veronesek bertsio honekin frogatu du obra hau beti bezain bizirik dagoela eta, urteen ibiliak bere marka beti uzten duela jakin arren, "giza eskubideen duintasun sakonari buruzko gai amaiezina da oraindik ere besaulkian iraulkatzen gaituena".

"El desarrollo de la civilización venidera" obra "Hurbiltasun Antzokia" programaren barnean eskainiko da. Programa horrek askotariko ikuskizunak eskainiko ditu apirilera arte, Bilboko erdiguneko areto berrian, Arriaga Antzokiak eta BBKk sinatutako hitzarmenari esker.