"Dantza Plazetan" egitarauaren hamaikagarren edizioak 44 emanaldi eskainiko ditu Bilbon

Gaztedi Dantzari Taldeak 60 urte betetzen ditu aurten
GAZTEDI.NET
Actualizado: martes, 22 febrero 2011 14:20

BILBO, 22 Feb. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak "Dantza Plazetan" egitarauaren hamaikagarren edizioa jarri du abian, euskal folklore herrikoia sustatzeko helburuarekin, eta herrietako plazetan egiten ziren erromeriak, dantza erakustaldiak eta kalejirak eskainiz. Egitaraua antolatu ahal izateko, Udalak Bilboko zazpi dantza talderen eta Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren laguntza aktiboa du.

Udal bilbotarreko iturriek jakinarazi dutenez, "Dantza Plazetan" egitarauaren aurtengo edizioak 44 emanaldi biltzen ditu, urtean zehar banatuta Deustuko, Begoñako, Ibaiondoko eta Basurtu-Zorrotzako barrutietako plazetan. Aurten lau kokaleku berri gehituko dira, Solokoetxe, Ibarrekolanda, Sarriko eta Zorrotza auzoetan.

Programaren barruan hiru erromeria aurreikusten dira jada asteburu honetan. Horrela, larunbatean, Aita Donostia (19:30etan), Santiago (20:00etan) eta Deustuko San Pedro (20.30etan) plazatan izango dira Beti Jai Alai, Salbatzaile Dantza Taldea eta Deustuko Folklore Taldea elkarteak, hurrenez hurren. Horrez gain, igandean (11:30etan), Ondalanek erraldoien kalejira eskainiko du Deustuko auzotik.

Aipatutako lau elkarte horiekin batera, "Dantza Plazetan" ekimenean parte hartuko duten gainerako taldeak honako hauek izango dira: Bihotz Alai Dantza Taldea, Gaztedi Dantzari Taldea, Bizkaiko Dantzarien Biltzarra eta aurten ekimenarekin bat egingo duen Ibai - Arte.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak euskal dantza tradizionalak sustatzearen alde egiten duen apustua oinarrian hasten da, "Dantzak Eskoletara" egitarauarekin. Horren bitartez, dantza tradizional ikastaroak ematen dira Bilboko zenbait herri ikastetxetan -eskola orduetatik kanpoko ordutegian-, Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren elkarlanari esker.

Ikasturte honetan, 5 eta 12 urte arteko 300 ikasle inguruk hartu dute parte ekimenean, eta guztira 450 orduko prestakuntza eskaini zaie, Basurtu, Cervantes, Gabriel Aresti, Iruarteta, Pagasarribide, San Inazio, Birginetxe, Deustu Ikastola, Felix Serrano, Eskurtze, Pio Baroja eta Txurdinaga ikastetxeetan.

Horrela, "Dantza Eskoletara" egitarauko ikasleek zenbait emanaldi eskainiko dituzte datozen hilabeteetan. Lehenengo hitzordua Inauterietan izango da, Plaza Barrian, martxoaren 4an, arratsaldeko 17:30etan, eta hurrengoa apirilaren 10ean, Errekaldeko plazan, eguerdiko 12:00etan.

GAZTEDI DANTZARI TALDEA

Jarduera horiez gain, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak Gaztedi Dantzari Taldea sortu zenetik 60 urte igaro direla-eta urtean zehar antolatuko diren zenbait ekimen lagunduko ditu.

Lehen jarduera asteburu honetan izango da, Begoñako Udaltegian burutuko diren musika eta dantza tailerrekin. Guztira zortzi prestakuntza saio antolatuko dira apirilaren 2a arte: ostiraletan eskainiko dira musika tresna tradizionalei eskainitakoak -19:30etatik 21:00etara- eta larunbatetan izango dira dantza tailerrak -11:00etatik 13:35era-.

Tailer horiek ospe handiko profesionalek emango dituzte, besteak beste, Kepa Junkerak, Ibon Koteronek, Jon Mayak edo Kepa Artetxek. Sarrera librea eta doakoa izango da, guztiei zuzenduta egongo da, eta ez da beharrezkoa izango aurretik ezagutza maila alturik izatea.

Tailerrei hasiera emango diotenak Ibon Koteron (25ean), albokaren bilakaerari buruzko saioarekin, eta bere klasea euskal folklore tradizionalaren berrikuspenean oinarrituko duen Natxo Montero (26an) dantzari eta koreografoa izango dira.

Gaztedi Dantzari Taldearekin beste jarduera batzuetan ere ari da lanean Bilboko Udaleko Hezkuntza eta Kultura Saila bere 60. urteurrena ospatzeko. Horrela, urtero antolatzen duen Bilboko Kalealdia Kaleko Antzerki eta Arteen Nazioarteko Jaialdiaren barruan, jaialdi horretarako beren beregi diseinatutako dantza ikuskizun ibiltaria antolatuko da Bilboko Zazpi kaleetatik, eta urteko azken hiruhilekoan, Arriaga Antzokian barruko ikuskizuna eskainiko da, urteurrenaren ospakizunei amaiera ezin hobea emateko.