BILBO 24 May. (EUROPA PRESS) -
Dantzaroa folklore agerraldiaren bosgarren edizioa izango da Durangon (Bizkaia) larunbat honetan, maiatzaren 25ean, Euskal Astearen barnean. Durangaldeko dantza taldeek eta Gerediaga Elkarteak antolatutako dantza emanaldia oraindik jende askok ezagutzen ez dituen Durangaldeko dantzak zabaltzea dauka helburu nagusi. Horrez gain, eskualdeko dantzariak jai giroan batzeko aitzakia ere bihurtu da.
Gerediaga Elkartetik jakinarazi dutenez, Durango, Iurreta, Garai eta Berrizko dantza taldeak batuko dituen ekitaldia arratsaldeko 19:00etan hasiko da, kalejira batekin. Durangoko Udaletxe aurrean irten, Santa Ana plaza eta Goienkaletik igaro, eta Andra Mariko elizperaino joango dira taldeak. Dantzen agerraldia bertan izango da, arratsaldeko 19:30ean.
Agerraldian dantzatuko dira "Dantzari dantzako" agintariena, zortzinangoa, banangoa, makil jokoa, txotxongiloa, eta Durangoko Korpusko jaietan jatorria duten arku dantza eta zinta dantza. Azken bi dantza bi hauek jatorrian zortzi mutilek dantzatzen zuten aipatutako jaian, baina 1886an, urteetan galduta egon ondoren, berreskuratu zuten, neskak eta mutilak dantzatzeko modura berrantolatuz.
Mutil bat aurreskularik eta neska bat atzeskularik sortutako soka dantzak emango dio amaiera ekitaldiari, eta bukatu ondoren, dantzariek eta publikoak gazta eta ardoa dastatzeko aukera izango dute.
Gerediaga Elkarteak Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren, Durangoko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa izan du ekitaldia antolatzeko orduan.