Darwinen Eguna ospatuko dute asteazkenean Bilbon, eboluzioari, astronomiari eta elikadurari buruzko hitzaldiekin

Actualizado: lunes, 7 febrero 2011 18:15

BILBO, 7 Feb. (EUROPA PRESS) -

Hiru hitzaldi eta mahai-inguru bat egingo dira asteazkenean Bilboko Bidebarrieta liburutegian, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, duela 202 urte Charles Darwin jaio zen egunarekin bat etorriz mundu osoan ospatzen den Darwinen Egunaren ospakizunaren barruan, Bilboko Udaleko iturriek jakinarazi dutenez.

Hitzaldiak izen handiko hiru ikerlari eta idazlek eskainiko dituzte: Eduardo Angulo, doktorea eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Biologia irakaslea, Círculo Escéptico elkarteko kidea eta "El animal que cocina" liburuaren egilea; Xavier Barcons, Kantabriako Fisika Institutuko Ikerketa irakaslea eta Behatoki Europar Australeko Kontseiluko presidenteordea eta Manuel Toharia, Valentziako Arteen eta Zientzien Hiriko zuzendari zientifikoa.

Antolatzaileek azaldu dute zientzia ezagutarazteko jardunaldiak eboluzioaren gaiaren ingurukoa izan behar duela, baina oraingoan zenbait ikuspegitatik landuko da: klimaren eta gizarteek historian zehar izan duten elikadura eta unibertsoaren bilakaera, bere zulo beltzekin.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak sustatu duen ekimena Bidebarrieta Kulturguneak eta EHUk antolatu dute eta, horrez gain, Center for Inquiry-ren, Círculo Escéptico-ren, bioGUNE CIC-aren, Behatoki Europar Austral Kontseiluaren, CSIC-EHU-UPV Biofisika Unitatearen eta 'El Correo' egunkariaren laguntza du.

EGITARAUA

Hitzaldiak arratsaldeko 18:00etan hasiko dira, Eduardo Angulo bilbotarrarren "De la carroña al delicatessen: la humanidad se humaniza" hitzaldiarekin. Anguloren ikerketa-eremua zelulen eta ehunen azterketa mikroskopikoa eta ingurumen aldaketekin duten erlazioa da.

Ikerketari buruzko ehun artikulu baino gehiago argitaratu ditu aldizkari zientifikoetan, eta "Julio Verne y la cocina: la vuelta al mundo en 80 recetas", "Monstruos" edo "El animal que cocina" liburuak kaleratu ditu. Azken hori, antropologia, irudimena eta umorea nahasten dituen tratatua da, gure arbasoen antzinako errezetak erakusteko, zuhaitzetatik jaitsi zirenetik historia hasi zen arte, gastronomia sortu zen garaietan.

Arratsaldeko 18:45ean Xavier Barcons katalanaren txanda izango da, "Universo violento. Agujeros negros: una especie en evolución" izeneko hitzaldiarekin. Aditu nagusietakoa da unibertsoa X izpien bitartez aztertzen, eta 70 artikulu baino gehiago argitaratu ditu lehen mailako aldizkarietan. Kosmosa hobeto ezagutzeko aukera eman duten espazioko zenbait misiotako batzorde zientifikoetan hartu du parte.

Jardunaldia ixtearen ardura Manuel Toharia madrildarrarena izango da, arratsaldeko 19:40tik aurrera, "Clima y Evolución" hitzaldiarekin. Bere ibilbidearen zati handia dibulgaziora zuzendu du, kazetari zientifiko gisa aritu da hainbat eta hainbat argitalpenetan eta irrati eta telebista saiotan, eta nazio mailako zientzia dibulgatzaile garrantzitsuenetakoa da.

Bere ibilbidean 30 liburu baino gehiago argitaratu ditu, eta hainbat sari jaso. Horien artean azpimarragarria da Zientzia Ikerketen Goi Kontseiluak (CSIC) emandako Kazetaritza Zientifikoaren Saria.

Jardunaldietarako sarrera dohainik izango da, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoko leku guztiak bete arte. Bilboko Udalak Charles Darwinen jaiotza ospatzen duen bosgarren urtea da, eta aurreko ekitaldietan ikus-entzuleek harrera bikaina eman diote.