Darwinen jaiotzaren urteurrena ospatuko da asteartean Bilbon, bi hitzaldiarekin

Darwin Eguna bihar Bilbon
EHU
Actualizado: lunes, 11 febrero 2013 15:15

BILBO, 11 Feb. (EUROPA PRESS) -

Hautespen naturalaren bidezko eboluzioaren teoria sortu zuen Charles Darwin (1809-1882) zientzialari britainiarraren jaiotza ospatuko da Bilbon astearte honetan, otsailaren 12an, eta bi hitzaldi antolatu dira, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, Bidebarrieta liburutegian, EHUk jakinarazi duenez.

Aurtengo Darwinen Egunean izen handiko bi hizlarik hartuko dute parte: batetik, Jordi Agustí, Tarragonako Rovira i Virgili Unibertsitateko Giza Paleoekologia eta Gizarte Eboluzioko Institutuan irakaslea; eta bestetik, Ana Zubiaga Genetika Molekularreko katedraduna eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Giza Genetikako irakaslea.

Agustí irakasleak eboluzioaren eta aurrerapenen arteko harremanari buruz eta gai honen inguruan zientziak izan dituen ideia aldakorrei buruz hitz egingo du "Darwin y la idea de progreso" izenburuko hitzaldian. Zubiaga irakasleak, aldiz, biologiaren arloan izan diren azken aurkikuntzak azalduko ditu eta aurrerapauso horiek gaur egun dinosauroak ingeniaritza genetiko bidez sortzea ahalbidetzen duten ala ez aztertuko du "¿Un Parque Jurásico en el Gorbea?" izeneko hitzaldian.

2009. urtetik, Bilbon urtero antolatzen den ekitaldi honetara zientziako zein haren dibulgazioko hainbat izen handi hurbildu dira, besteak beste, Francisco J. Ayala, Juan Luis Arsuaga, Manuel Toharia edo José María Bermúdez de Castro.

Kultura Zientifikoko Katedrak (Euskal Herriko Unibertsitatea eta Bizkaiko Foru Aldundia) eta Círculo Escéptico taldeak antolatzen dute Bilboko Darwin Eguna. Ekitaldiaren babesleak 'El Correo' egunkaria eta Bilboko Udala dira, eta kolaboratzaileak CIC bioGUNE, Biofisika Bizkaia Fundazioa eta Aula Espazio Gela.