David R.L. irundarraren "La noche del ratón", Bilboko FANT zinemaldian

Miriam Cabeza
Foto: FANT
Actualizado: miércoles, 25 marzo 2015 13:01

BILBO, 25 (EUROPA PRESS)

   FANT Bilboko Zinemaldi Fantastikoak David R.L. zuzendari irundarraren "La noche del ratón" (2014) lanaren estatu mailako estreinaldia eskainiko du lehiaketatik kanpo dagoen "Panorama Fantastikoa" sailean. FANT 21 maiatzaren 8tik 15era ospatuko da.

   "Panorama Fantastikoa" sailak, arrazoi bat edo beste Sail Ofizialerako aukeratu ez diren baina ikus-entzuleen aurrean eskaintzea merezi duten filmak bilduko ditu. Horrela, programaren barruan, duela denbora gutxi egindako beste bost lan ere ikusiko dira: "The Afterglow", "La Cosecha", "Crumbs", "Queridos Monstruos" eta "La Parte Ausente".

   Horrela, joan den otsailean Santa Barbarako (Los Angeles, AEB) SBIFF jaialdian estreinatu ondoren, "La noche del ratón" Bilbon ikusi ahal izango da estatuan lehen aldiz, maiatzaren 21ean, gaueko 22:00etan, Golem-Alhondiga zinema aretoetan, talde osoaren presentziarekin.

   David R.L. da filmaren zuzendaria, eta Asier Vázquez ekoizlea. Protagonistak Unai García eta Miriam Cabeza dira. Filma 6.000 euroko aurrekontuarekin egin zen, eta Irun, Hondarribia eta Donostia artean filmatu zen 25 gauez. Filmazio lana 2012an egin zen arren, postprodukzioa urtebete eta erdi baino gehiago luzatu zen. Filmak harrera ona izan du AEBetan.

   Laneko bilera batera doazenean, bide erdian erabat ezustekoa den egoera batek harrapatuko dituen bi lankideren gorabeherak kontatzen ditu filmak, beldurrez inguratutako giroan. Bilbotik igaro aurretik, "La noche del ratón" Nanteseko zinemaldian, Moskuko Detective Fest izenekoan eta Liejako Polizia Zinemaldian egongo da.

PANORAMA FANTASTIKOA

   Lehiaketatik kanpo dagoen "Panorama Fantastikoa" zikloaren barruan beste bost lan ere eskainiko dira. Yolanda Torres eta Joan Álvarez katalanen "The Afterglow" (2014) ingelesez filmatutako lana da, eta hainbat zinemalditatik igaro da jada, Sitgesekotik, adibidez; Roberto Santiago zuzendariak egin duen "La Cosecha" (2014) maiatzaren 11n eskainiko da, eta zuzendaria bera emanaldian egongo da.

   Halaber, Miguel Llansóren zine esperimentaleko "Crumbs" (2015) ere izango da ikusgai. Apokalipsiaren ondorengo filma zuzendariaren ohiko bizilekua den Etiopiako paisaia malkartsuetan filmatu da. Llansóren lehenengo film luzea da.

   Programa osatzeko, "La parte ausente" (2014) eta Prada anaien azken lana den "Queridos monstruos" (2014) ikusi ahal izango dira. Azken lan hori, zine espainiarrak eman dituen zenbait munstro eta Jess Franco bezalako figurak gogorarazten dituen dokumentala da. Emanaldi guztiak gaueko 22:00etan izango dira, sarrera librearekin, leku guztiak bete arte.

EPAIMAHAIA

   Beste alde batetik, Bilboko Zinemaldi Fantastikoak 21. ediziorako epaimahaia ezagutarazi du. Dominique Pinon aktore frantses beteranoak, Aina Clotet antzezleak eta Carlos Marañón 'Cinemanía' aldizkariaren zuzendariak osatuko dute.

   Dominique Pinonek antzerkian eta zinean egin du lan, eta ezaguna da, batez ere, Jean-Pierre Jeuneten ("Delicatessen", "Amelie") lanetan izan duen partaidetzarengatik. Johannes Roberts zuzendari britainiarraren beldurrezko hiru filmetan eta Álex de la Iglesiaren "Los crímenes de Oxford" lanean ere aritu da.

   Aina Clotet 1982an Bartzelonan jaiotako antzezlea da, Marc Clotet antzezlearen arreba. Zinean, antzerkian eta telebistan egin du lan, Kataluniako TV3 telebista katearen ekoizpen lanetan batez ere. Horrez gain, 2007an "Positivos" filmaren gidoia idatzi zuen telebistarako Alex Mañasekin, eta 2005ean "MO-DI-FÍ-CA-TE" film laburra zuzendu zuen. 2015ean Gaudí Sarietarako izendapena jaso du, María Ripollen "Rastros de Sándalo" filman egin duen lanarengatik. 2013an Sitgeseko Zinemaldi Fantastikoko sekzio ofizialeko epaimahaiko kide izan zen.

   Azkenik, Carlos Marañónek 2008ko apirilean hartu zuen 'Cinemanía' aldizkariaren zuzendaritza lana. Zuzenbidean lizentziatua da Bartzelonako Unibertsitatean eta Kazetaritzan Nafarroako Unibertsitatean, eta ikasketa horiei UNEDen egindako Historia ikasketak gehitu zizkion. Bere ibilbide profesionala Asturiaseko 'La Nueva España' egunkariaren Gijongo erredakzioan hasi zuen, eta handik 'Cinemanía' aldizkarira joan zen, hasieran erredaktore gisa eta ondoren erredaktore buru eta zinema kritikari gisa.

   Horrez gain, beste hainbat komunikabidetan ere aritu da, hala nola 'El País' eta 'La Vanguardia' egunkarietan eta Radio 3 irratian. "Fútbol y Cine. El balompié en la gran pantalla" liburua idatzi du, zutabeak idazten ditu 'AS' egunkarian eta laguntzaile gisa aritzen da hainbat saiotan.