DBHko 330 ikasle eta irakasle, Fisikako Nobel saridun batekin eta Brain proiektuaren buruarekin

Topaketan parte hartu dutenak
Foto: DIPC
Actualizado: martes, 20 octubre 2015 12:31

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

   Donostia International Physics Center-ek (DIPC) antolaturiko Top@DIPC - Zientziarekin solasean! topaketa ospatu da astearte honetan Bilboko Bizkaia aretoan, eta EAEko DBHko 330 ikasle eta irakaslek David Wineland 2012ko Fisikako Nobel saridunarekin eta Rafael Yuste neurobiologo eta Brain proiektuaren burua izan dituzte solaskide. Zientziaz, ikerketaz eta bi gai horiekiko duten grinaz aritu dira topaketan izan diren zientzialariak, eta ikasleen galderei ere erantzun diete.

   Antolatzaileek nabarmendu dutenez, jendetsua izan da topaketen zazpigarren edizioa. Orotara, 65 ikastetxek parte hartu dute parte: 31 Bizkaikoak, 26 Gipuzkoakoak eta 8 Arabakoak. Ikasleak 261 izan dira, eta irakasleak, 70. Javier Benito Telefonica Euskadiko zuzendariak eta Adolfo Morais Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordeak eman die hasiera topaketei.

   Giro atseginean jardun dira elkarrekin ikasleak eta zientzialariak, bai eta umoretsu ere zenbait unetan, eta batzuek zein besteek eskerrak eman dizkiete antolatzaileei, gai horiei burtuz aritzeko horrelako aukera eskaintzeagatik.

   Pedro Migel Etxenike EHUko katedraduna eta DIPCeko lehendakaria aritu da moderatzaile lanetan. "Abentura intelektual bat da zientzia, eta grinatsuki ekin behar zaio. Aurrera egin ahala, galdera batzuei erantzuten die, baina, aldi berean, beste batzuk sortzen ditu", esan die bertaratutakoei.

   Halaber, David Winelandek eta Rafael Yustek talde lanak zientzian duen garrantzia nabarmendu dute. Winelandek gogorarazi du Nobel Saria lortzea, "zientzian arrakasta lortzea bezala, munduko toki ezberdinetan lanean aritu zen 25 pertsona baino gehiagoko talde baten elkarlanaren emaitza" izan zela.

   Rafael Yusteren esanetan, "ikertzen hasi nintzen etsita sentitzen bainintzen nire pazienteak mediku gisa ezin sendatzeagatik". Azkenik, etorkizuneko neurozientziak garatzeko eta ikertzeko zientziaren adar guztiekin elkarlanean jardutea ezinbestekoa dela nabarmendu du, "auzolana, hemen esaten duzuen moduan".