Debabarrenan egingo dira Euskadiko XXXI. Eskolarteko Kirol Jokoak, 2.750 gazteren partaidetzarekin

Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 25 mayo 2012 13:55

BILBO 25 May. (EUROPA PRESS) -

Euskadiko XXXI. Eskolarteko Kirol Jokoak egingo dira maiatzaren 26an eta 27an eta ekainaren 2an eta 3an Debabarrenen (Gipuzkoa) zenbait kirol gunetan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 2.750 eskola-umeren partaidetzarekin.

Lurralde bakoitzeko infantil mailako kirolari eta talde irabazleak, 19 kiroletan lehiatuko dira: atletismo, areto futbol, aerobic, boleibol, errugbi, eskubaloi, futbol, gimnasia erritmiko, herri kirol, igeriketa, judo, karate, mahai tenis, pilota, kirol egokitua, saskibaloi, tenis, txirrindularitza eta xake.

Eusko Jaurlaritzaren Kultura Saileko iturriek adierazi dutenez, ikasturtean zehar ikasle gazteek burututako kirol ekintzak azken ekitaldi honetan amaitzen dira, kirol helburuaz gain, parte-hartzaileen adinerako "egokia den lehiaketan ongi pasatzea eta euskararen erabilera sustatzea ere helburu direlarik".

Eskola-kirola ikasleek nahitaezko eskolatze aldian irakastorduetatik kanpo egiten duten kirol jarduera antolatua da. Eskola-kirolaren helburu nagusia eskolako ikasleen heziketa garapena osatzea da, kirolari bakoitzaren betebeharrak asez.

Horrela, aukera berdintasuna aintzat hartuz, eskola-kirolak haurraren heziketa bultzatu behar du, bere pertsonalitatearen garapen harmonikoa, etorkizunean kirolaren praktika ahalbideratzeko baldintza fisiko eta kirol aztura eta bizitza osasuntsua indartzen duten zenbait kirol modalitate ezberdin sustatuz.

Eskola-kirolaren oinarriak eta printzipioak, kirol diziplinako araubidea eta lehiaketak finkatzea Eusko Jaurlaritzaren eskumena da, eta honi jarraiki, infantil mailako Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoak burutzea ere bere betebeharra da. Bestalde, lurralde historikoetako foru erakundeen eskumena da eskola kirolaren arloko arauak garatzea eta, udal administrazioaren lankidetzarekin, eskola-kirola programak gauzatzea.

Contenido patrocinado