Debako Udalak eta Elkar argitaleteak Tene Mujika bekaren 12. edizioa abiarazi dute

Publicado: viernes, 28 abril 2017 17:16

DONOSTIA, 28 Abr. (EUROPA PRESS) -

Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak Tene Mujika bekaren 12. aldia jarri dute martxan, ohi bezala, Euskal Herriko historia hurbilaren ezagutza zabaltzeko eta euskal literatura aberasteko asmoz. Bekak 6.000 euroko diru laguntza emango du. Miren Garateren "Ekaitzaren zipriztinak" kronika liburua, Tene Mujika bekaren azken argitalpena, aste honetan bertan aurkeztu da, arduradunek jakinarazi dutenez.

Euskal Herrian azken 60-70 urteetan izandako pertsona, talde, gertakari edo mugimenduren bati buruzko liburuak egiteko proiektuak aurkez daitezke (biografiak, kronikak, erreportajeak, saiakerak, elkarrizketak, ikerketak). Lanak jatorrizkoa eta euskaraz sortua izan beharko du, aurrez argitaratu nahiz saritu gabea.

Proiektuak aztertzean bi ezaugarri hartuko dira batez ere kontuan: testuaren beraren kalitatea eta gaiaren interesa. Fikziorik ez da onartuko, baina bai materialaren lanketa literarioa, idazleak hala nahiko balu. Dibulgazio lanak bezala egin daitezke ikerketak, baina ez espezialistentzat bakarrik idatzitakoak.

Parte hartzaile bakoitzak ondorengoak aurkeztu beharko ditu, emailez atxikitako dokumentuan: curriculum laburra, orri batean, argitara emandako lanak eta harremanetan jartzeko helbide eta abarrak aipatuz; idatzi nahi den lanaren azalpena, 3-6 orri bitarteko luzerakoa, egoki iritzitako ezaugarriak zehaztuz (gaia, egitura, iturriak, metodologia, aurreikusitako luzera, estiloa); idazlanaren lagina edo erakusgarria, 15-20 orrialde bitartekoa. Proiektuak, abenduaren 11ra arte bidali litezke artxiboa@deba.eus helbide elektronikora.

EPAIMAHAIA

Epaimahaikideak Idurre Eskisabel, Imanol Murua eta Aitor Zuberogoitia izango dira. Epaimahaiak jasotako proiektu guztiak aztertu eta haien arteko bat izendatuko du irabazle 2018ko urtarrila amaitu baino lehen.
Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, beka eman gabe utz dezakete epaimahaikoek.

Bekaren diru kopuruaren erdia, hau da, 3.000 euro, izendatu bezain laster jasoko du irabazleak, eta beste erdia, idazlan amaitua eman eta epaimahaikoek onespena emandakoan, lehen erdia jasotzen duenetik urtebetera, hain zuzen ere.

Irabazleak, izendapena jaso eta urtebeteko epea izango du gehienez, idazlan amaitua antolatzaileei helarazteko. Bitarte horretan egileak hasierako proiektua aldatu nahi izango balu, epaimahaikoei jakinarazi beharko die aldaketaren berri eta haien onespena jaso beharko du. Idazleak bere lana entregatuko ez balu, edo idazlan horren izaera eta kalitatea, epaimahaikoen iritziz, proiektuan azaldutakoen aldean nabarmen kaxkarragoak balira, idazleak itzuli egin beharko du jasotako dirua.