Dejaburen "Gure bide galduak" lanak irabazi du XII. Donostia Antzerki Saria

Actualizado 2012/02/28 18:14:56 CET
Lan irabazlearen eszena bat
Foto: DONOSTIAKO UDALA/DONOSTIA KULTURA

DONOSTIA, 28 (EUROPA PRESS)

   Dejabu konpainiaren "Gure bide galduak" izenburuko antzerti-lanak irabazi du Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak antolatutako XII. Donostia Antzerki Saria. Saria emateko ekitaldia Antzerkiaren Nazioarteko Egunean egingo da, martxoaren 27an, 20:00etan, Victoria Eugenia Antzokian.

   Talde irabazleak 10.000 euro eta Txiki Agirre 'Keixeta' artistaren margolan bat jasoko ditu. 8.000 euro orain eskuratuko ditu eta gainerako 2.000 euroak jasotzeko, 2015. urtea bukatu aurretik euskarazko antzerki lan berri bat eskaini beharko du Donostian.

   Horrez gain, ikuskizun berri hori prestatzeko (proba saioak egiteko eta abar) bi aste egin ahal izango dituzte Iparraldeko Harri Xurin dagoen produkzio gunean gastu guztiak ordainduta. Harri Xuri produkzio gunea sormena lantzeko eta sustatzeko gunea da eta bertan leku berezia eskaintzen zaio euskarazko sorkuntzari.

   Aipatu bezala, saria emateko ekitaldia Antzerkiaren Nazioarteko Egunean egingo da, martxoaren 27an, 20:00etan. Saria emanaldiaren hasieran banatuko da eta ondoren "Gure bide galduak" antzerti-lan saritua ikusi ahal izango da, 2011n Donostian euskaraz eskaini den antzerki lan onena, alegia.

   Donostia Antzerki Saria ematen duen epaimahaiak antzezlan biribila dela aipatu du. Lana sorreratik aipagarria da epaimahaiaren iritziz "jatorrizko lana izateaz gain, elkarlanean sorturikoa delako". "Belaunaldi gazte batek gure gertuko historiaz, 1970eko hamarkadaz, elkarlanean egindako hausnarketaren emaitza da. Gure iraganaren interpretazio berezia da", adierazi du Kepa Errastik (Euskal Aktoreen Batasuna), Pablo Barriok (EHAZE-Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea), Ane Gabarainek (AISGE), Agus Perezez (antzerki kritikoa, 'Berria') eta Norka Chiapusok (Donostia Kultura) osaturiko epaimahaiak.

   Gainera, euskaraz sortutako lan bat dela azpimarratu du. Eszenografiari dagokionez, soila izan arren oso eraginkorra da epaimahaiaren esanetan. "Harrigarria da ikusteak nola lor daitezkeen hainbeste emozio hain objektu gutxirekin. Elementu guztiak agerian dauden arren emanaldiaren hasieratik, hauen erabilera sinbolikoa ezin hobea da", esan du.

   Lanaren eszenaratzea adimen handikoa da, zentzuduna, planteamendu sinpletik konplexutasun semantikorantz doana, konponbide eta trantsizio eszeniko anitz sortuz. Zuzendaritza lana ere nabarmentzekoa dela adierazi du epaimahaiak, "denbora eta espazioa neurtzeko duen maisutasunagatik". Aktoreen lana ere oso maila onekoa eta orekatua da. Horrez gain, zuzeneko musikak ekarpen handia egiten dio lanari.

   Gainera, epaimahaiak gogoratu du "Gure bide galduak" antzezlanak harrera oso ona izan duela ikusleen artean. "Desberdina, gertukoa eta hunkigarria izateaz gain, harrera ona izan du ikuslegoaren artean eta ez ohiko ikusleak erakartzea lortu du", azaldu du.

ANTZERKIA EUSKARAZ

   2011. urtean euskarazko bederatzi antzerti-lan eta 19 emanaldi izan ziren Donostian. Donostia Kulturak eta orain arte Donostiako Euskararen Udal Patronatua izan denak adostutako hitzarmena medio, euskarazko antzerkiaren eskaintza zabala eta egonkorra izatea lortu da azken urteetan, beti ere, urteko ekoizpena kontuan hartuta.

   Antzerkiarentzat garai aldekoenak ez izan arren, Donostian eutsi egin zaio programazioari. Bi erakundeon elkarlanari esker, urtean zehar Donostia Kulturaren antzoki eta guneetan euskarazko antzerki lanak kontratatzen dituzte eta lan bakoitzetik gutxienez bina emanaldi eskaintzen dira, biak osorik ordainduta. Horren ondorioz, 19 emanaldi eskaini ziren euskaraz 2011n Donostian.

   2012ko programazioari dagokionez, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren eta Donostia Kulturaren lankidetza medio, euskarazko antzerti-ikuskizunak bermatuta egongo dira. Are gehiago, neguko programazioaz gain, aurten udan ere euskarazko antzerkia eskaintzea erabaki da urte osoko programazioa osatuz. Horrela, uztailean antzerti-lan bat eta abuztuan bi eskainiko dira, horietako bat Aste Nagusian.

Esta web utiliza cookies propias y de terceros para analizar su navegación y ofrecerle un servicio más personalizado y publicidad acorde a sus intereses. Continuar navegando implica la aceptación de nuestra política de cookies -
Uso de cookies