Delitu kopurua %20 jeitsi da aurtengo Aste Nagusian 2016kin alderatuta

Publicado: martes, 22 agosto 2017 13:34

DONOSTIA, 22 Ago. (EUROPA PRESS) -

Aurtengo Donostiako Aste Nagusian 466 delitu jaso dituzte Udaltzaingoak eta Ertzaintzak, hau da, iaz baino %20 gutxiago. Egindako ikerketei esker, gainera, 51 lagun atxilotu dituzte, horietatik 7 inputatuta daudelarik.

Datu hauek Ertzaintzak eta Udaltzaingoak Aste Nagusia amaitu ondoren elkarrekin egin duten txostenetik ateratzen dira. Donostiako jaiei begira, segurtasun eta babes zibil operatibo berezia jarri zen martxan eta larrialdi mahai batek zuzendu ditu Aste Nagusiko iharduera guztiei erreparatuz.

Delitu guztien artean, nabarmenenak lapurretak izan ziren, guztira 359 gertatu baitira, iaz baino 71 gutxiago. Ibilgailuetan lapurretak ere jeitsi egin dira (lau aurten, eta hamaika iaz), baita bizikleten lapurretak ere (lau aurten, 19 izan ziren 2016an). Era berean, esan beharra dago aurten ez dela motorrik lapurtu, iaz bost lapurtu ziren bitartean.

Txostenak aurten izan den sexu eraso salaketa bakarra jasotzen du. Ertzaintzak dagoeneko epailearen esku jarri du salaketa horren inguruko ikerketa, bertan parte hartu zuten guztiak identifikatu ondoren. Bestalde, partikularrei egindako erasoak 14 izan dira, pasa den urteko Aste Nagusian baino zortzi gutxiago.

Aitzitik, meatxuz egindako lapurretak igo egin dira, iaz 19 izan ziren bitartean, aurten 24 izan direlako. Guztira 51 lagun atxilotu dituzte segurtasun indarrek, 26 Ertzaintzak eta 25 Udaltzaingoak, eta horietatik 7 inputatuak izan dira. Iaz 44 lagun atxilotu zituzten segurtasun indarrek.

BALANTZE POSITIBOA

Donostiako Segurtasun zinegotziak, Martin Ibabek, positibotzat jo du delituen beherako bilakaera, "horrek zera adierazten baitu, jarritako segurtasun operatiboak emaitza ematen duela". Herritar gehienen jarrera "zibikoa" azpimarratu du eta iragarri du Udaltzaingoak eta Ertzaintzak zehatz aztertuko dituztela jasotako datuak datorren urteko emaitzak hobetu ahal izateko.

Ibabek gaineratu du nazioarteko segurtasun testuinguruak "zaildu" egiten duela lana, baina segurtasun indarrek "ahalegin berezia" egingo dutela herritar guztien segurtasuna bermatzeko.