Delituak eta faltak ia %3 jaitsi ziren EAEn 2011. urtean

Delituek eta faltek behera egin zuten iaz EAEn
Foto: IREKIA/EUSKO JAURLARITZA
Actualizado: martes, 21 febrero 2012 17:27

GASTEIZ, 21 (EUROPA PRESS)

   Ertzaintzak 2011. urtean erregistratutako delituak eta faltak %2,83 jaitsi ziren aurreko urtearekin alderatuz, Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak astearte honetan Eusko Legebiltzarrean zegokion Batzordean eman dituen datuen arabera. Murrizketa hau (2.500 delitu eta falta gutxiago) 2010eko jaitsierara (%5 ingurukoa) batzen da eta EAEko hiru lurraldeetan ematen ari den joera baieztatu du, etengabeko igoerak eman diren sei urteren ostean.

   2011ko datuek, 85.778 delitu eta faltekin, 39,26an kokatzen dute tasa 1.000 biztanleko, "oso tasa baxua" inguruko herrialdeekin alderatuz. Orain dela bi urte baino ia 7.000 delitu gutxiago dira. Bizkaian, 48.915 delitu eta falta erregistratu ziren (42,32 1.000 biztanleko); Gipuzkoan 22.967 izan ziren (32,37 1.000 biztanleko); Araban, 13.836 erregistratu ziren (43,53ko tasa 1.000 biztanleko).

   Hala ere, iaz delitu eta falta gutxiago izan ziren arren, Ertzaintzaren jarduera igo egin zen eta, hain zuzen ere, %2,4 igo ziren atxiloketak (9.143 izan ziren 2011n).

   Aresek nabarmendu duenez, Euskadi "segurtasun-zerbitzu hurbilago, azkarrago eta eraginkorrago bat lortzeko bidean dago" eta "Polizia eredu gertu, hobeto koordinatu eta espezializazio gradu altuago batekin izateko hurbilago dago". Ertzaintza 8.000 agentera heldu zen 2011n, eta datu on hauek "lanean jarraitzeko eta erne mantentzeko eragingarri bat" direla esan du Herrizaingo sailburuak.

   ETAren jarduera armatuaren amaiera eta kale borrokaren desagerpen ia osoa dira 2011ko aipamenik nabarmenenak. "Gobernu zentralaren eta Euskal Gobernuaren politikak eta Zuzenbide Estatuaren betearaztea, Justiziaren jarduera eta nazioarteko kolaborazioa nagusi izan dira bandak urrian iragarritako erabakian", gogoratu du Aresek. ETAk "kontraprestaziorik gabe" desagertzeko pausua eman behar duela adierazi du.

12 HILKETA

   Bestalde, joan den urtean Euskadin izandako 12 hilketetatik, denetan batean izan ezik (ikerketa zabalik dago), egilea ezagutzen da eta atxilotuta dago. Lesio-delituak %11,3 igo ziren, eta sexu-askatasunaren kontrako delituak 334tik (2010ean) 381era (2011an) igaro ziren.

   2011. urtean, ondarearen kontrako 4.000 delitu eta falta gutxiago izan ziren, 2008ko zifretara itzuliz. Lapurretak eta kalte delituak %13 jaitsi ziren (22.860tik 20.214ra eta 3.231tik 3.180ra, hurrenez hurren); kategoria hauekin lotutako faltak ere jaitsi ziren (31.545etik 30.185era, %4,5 gutxiago).

   Segurtasun kolektiboaren kontrako delituetan, bide-segurtasunarekin erlazionatutako delituak direla-eta izan zen igoera (3.011 joan den urtean eta 2.667 2010ean). Aitzitik, droga-trafikoaren inguruko delituak jaitsi egin ziren (341tik 323ra).

   Ordena publikoaren kontrako delituei dagokienez, beste jaitsiera bat izan zen, 1.807tik 1.506ra. Ondasun materialen kontrako terrorismoaren kasuan, 55 delitutatik bost delitutara igaro da. Goreste-delituen jaitsiera nabarmenat izan zen: 2009an 538, 2010ean 366 eta 2011n 207.

   Gainera, Ertzaintza garatzen ari den lana Berrantolaketa eta Modernizazio Planarekin eta udalekin egiten ari den koordinazio ahalegina azpimarratu ditu Aresek. 3.000 udaltzain daude udalen menpe eta Herrizaingo Saileko Tetra sarea erabiltzeko 29 hitzarmen sinatu dira jada.