Denzel Washingtonek jasoko du Donostia saria, bere ibilbidearen aintzatespen gisa

Denzel Washington
Foto: ZINEMALDIA
Actualizado: miércoles, 23 julio 2014 13:14
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

DONOSTIA, 23 (EUROPA PRESS)

   Denzel Washington aktore estatubatuarrak jasoko du aurtengo Donostia saria. Gainera, zinemaldi donostiarraren 62. edizioa Antoine Fuqua zuzendari eta Denzel Washington bera protagonista dituen "The Equalizer" filmarekin hasiko da. Filma lehiaketaz kanpo izango da ikusgai irailaren 19an, eta aktoreak eta zuzendariak aurkeztuko dute, Kursaal auditoriumean, antolakuntzak jakinarazi duenez.

   Denzel Washington McCall pertsonaia da, bere iragan misteriotsua atzean utzi duela pentsatuz bizimodu berria hasi duen gizona. Baina Teri (Chloë Grace Moretz) ezagutzean, gangster errusiar ezin bortitzagoen kontrolpean dagoen neska gaztea, ezingo du ezer egin gabe geratu, eta lagundu beharra sentituko du.

   Babesgabeei bortizki erasotzen dietenez mendekatzea ahalbidetzen dioten gaitasun ezkutuez baliatuz, McCallek bere buruari ezarritako erretiroa utziko du eta justizia egiteko desioa berpiztuko zaio. Norbaitek arazoren bat baldin badu, zoria bere aurka baldin badago, ez badu nora jo, McCallek lagunduko dio. Bera "The Equalizer" da.

   "The Equalizer" Antoine Fuquaren film berria da. 1998an "The Replacement Killers" bere lehen filma zuzendu zuenetik, azken urteetako akziozko drama bikainenetako batzuk egin ditu. Bere pelikuletako protagonistak Hollywoodeko izar handiak izan dira, adibidez: Jamie Foxx ("Bait", 2000), Bruce Willis eta Monica Bellucci ("Tears of the Sun", 2003), Clive Owen eta Keira Knightley ("King Arthur", 2004), Mark Wahlberg ("Shooter", 2007), Richard Gere eta Ethan Hawke ("Brooklyn's Finest", 2009) eta Gerald Butler eta Morgan Freeman ("Olympus Has Fallen", 2013).

   2001ean, polizia zinema modernoko klasiko bihurtu den "Training Day" filma zuzendu zuen Fuquak, Denzel Washington protagonista zuela. 13 urte geroago, Washingtonek eta Fuquak berriz ere bat egin dute, Sony Pictures Entertainment etxeak banatuko duen thriller honetan. Espainian, urriaren 17an estreinatuko da.

DONOSTIA SARIA

   Donostia 62. Zinemaldiaren inaugurazio ekitaldian, irailaren 19an, Donostia saria emango diote filmeko protagonista Denzel Washingtoni, bere ibilbide osoaren aintzatespen gisa.

   Denzel Washington Mount Vernonen (New York) jaio zen eta interpretazio arloko lehenengo pausoak Kazetaritzako ikasketak egiten ari zela eman zituen, unibertsitateko zenbait antzezlanetan parte hartuz. Aktore profesional izatea erabakita, American Conservatory Theatre konpainian sartu zen, eta luze gabe telebistan lan egiten hasi zen, "Wilma" telesailean, 1977an.

   Zinema munduan 1981ean hasi zen, "Carbon Copy" komediarekin, baina Philip Chandler doktorea haragituz egin zen ezagun, "St. Elsewhere" telesailean. Rol hori sei urtez interpretatu zuen. Era berean, zineman gero eta presentzia handiagoa izan zuen, "Norman Jewisonen A Soldier's Story" (1984) filmari esker, bai ta "For Queen and Country" (1988) eta "Cry Freedom" (1987) filmetan egin zuen interpretazioagatik ere. Azken pelikula horretan egindako lanari esker, multzoko aktore onenaren sarirako lehenengo izendapena lortu zuen.

   Edward Zwick zuzendariaren "Glory" (1989) filmarekin lortu zuen ospea, multzoko aktore onenaren Oscar saria irabazita. Orduan, garai hartako zuzendari garrantzitsuenetako batzuekin lan egiten hasi zen, hala nola Mira Nair ("Mississippi Masala", 1991), Spike Lee ("Mo' Better Blues", 1990 eta "Malcolm X", 1992), Kenneth Branagh ("Much Ado About Nothing", 1993), Alan J. Pakula ("The Pelican Brief", 1993), Jonathan Demme ("Philadelphia", 1993) eta Tony Scottekin ("Crimson Tide", 1995).

   Hiru hamarkadatik gorako ibilbide sendoan, film askotako protagonista ere izan da Washington, ondorengo zuzendarien gidaritzapean: Ridley Scott ("American Gangster", 2007), Robert Zemeckis ("Flight", 2012), Norman Jewison ("The Hurricane", 1999), Jonathan Demme ("The Manchurian Candidate", 2004) eta Spike Lee ("He Got Game", 1998; "Inside Man", 2006).

"TRAINING DAY"

   2001ean, Antoine Fuquaren "Training Day" filman egin zuen Alonzo Harris polizia bortitzaren rolari esker, gizonezko aktore onenaren saria jaso zuen Washingtonek. Bigarren estatuatxo horrez gain, gizonezko aktore onenaren sarirako hiru izendapen lortu ditu, "Malcolm X", "The Hurricane" eta "Flight" filmengatik.

   Bi Urrezko Globo irabazi ditu (multzoko aktore onenarena, "Glory" filmagatik, eta gizonezko aktore onenarena, "The Hurricane" filmagatik) eta sari horretarako beste bost izendapen lortu. Berlingo zinemaldian ere saritu dute haren talentua: 1993an, gizonezko aktore onenaren Urrezko Hartza lortu zuen, "Malcolm X" filmagatik, eta 2000n, "The Hurricane" filmagatik.

   Gainera, 2010ean, Tony sari entzutetsua eskuratu zuen, "Fences" antzezlanagatik, eta afroamerikarrek zineman egindako lana saritzen duen Black Reel Award bost aldiz irabazi du. Bere ibilbide osoan eskuratu dituen sari eta aintzatespen ugarien artean, ohorezko sariak ere nabarmentzen dira, esaterako: Britainia Handiko Zinema eta Telebista Akademiaren (BAFTA) Britannia Award eta Sundance zinema-jaialdiko Tribute to Independent Vision Award.